Alternatibako bozeramaile Josu Estarronak bere erakundearen “haserrea” azaldu du Mariano Raxoiren Gobernuak Gasteizko Trenbidearen Integraziorako proiektua berpizteko asmoaren aurrean. Obra horrek Abiadura Handiko Trenari lekua egingo dio eta, aldi berean, egungo trenbidea lurperatuko du, egun zeharkatzen dituen lurrak hirigintzarako askatuz.
Estarronak gogorarazi duenez, proiektu honetarako 500 milioi eurotik gorako aurrekontua aurreikusi egin da, lau administrazioen artean ordaindu beharrekoak. Diru horren erdia, beraz, gasteiztarren, arabarren eta EAEko herritar guztien poltsikoetatik aterako da. Egitasmoa, “administrazio guztiak zorpetuta daudenean eta osasungintzan, hezkuntzan eta gainerako zerbitzu publikoetan murrizketa basatiak astero ezartzen ari direnean” eraman nahi dute aurrera. Gaineratu duenez, “krisi sistemikoak eta porrot egin duen eredua iraunarazteko asmoa besterik ez duten politikek eragindako egoera zailaren aurrean, Alternatibak ezinbestekoa deritzo hamarkadetako borrokari esker lortutako eskubideak babesteari, propaganda politikoa eta interes pribatuak ekarriko dituzten makroproiektuak sustatu beharrean”.
Talde ezkertiarreko bozeramaileak, halaber, zalantzan jarri du lurperatu asmo duten oruberako iragarritako proiektua, “zentroan kokatutako etxebizitza horietarako eroslerik egongo den zalantza dugu, eta elite aberatsenen esku bakarrik egongo ez ote diren beldur gara, erdi hutsik egon daitekeen Salburua edo Zabalgana berri bat sortzera doaz, luxuzkoa oraingoan”. Guzti horregatik, Alternatiba Arabak proiektua bertan behera uzteko eskatu du eta administrazio desberdinei dei egin die diru publikoaren erabilera kudeatzeko orduan, “pertsonen eskubideak lehenetsi behar dituzte, adreilua eta porlanaren burbuila sustatu beharrean, Araban zein Euskal Herrian edota Espainiako Erresuman sozialki eta ekonomikoki kaltea besterik ez baitu eragin”.