Prentsa deialdian azaldu bezala, gaurkoan Eusko Alkartasuna, Alternatiba, Aralar eta Ezker Abertzaleak gure iritzia plazaratu nahi dugu, datorren astean Entzutegi Nazional espainiarrean hasiko den D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketaren harira.
- Euskal jendarteari hauteskundeetarako eskaintza bat egin izana leporaturik 13 euskal herritarren kontra epaiketa guztiz politikoa egiteak larritasun handia duela deritzogu.
- Epaiketa hau ilegalizazio politiken luzapena da, argi eta garbi. Euskal herritarren gehiengo zabal batek behin betiko gainditu nahi duen legez kanporatzeen politikaren eszenifikazio berri bat.
- Eskubide zibil eta politikoen urraketa larria da zio politiko nabarmena duen epaiketa hau.
- Euskal Herrian gehiengo sozial eta politikoak argi eskatzen dio estatuari gatazka politikoaren konponbiderako aukera historikoaren aurrean jarrera eraikitzailea har dezan.
- Konponbidearen aldeko ildoa hartzeko eskatzen diogu estatuari. Horretarako, ezinbestekoa deritzogu legez kanporatzeen zikloa eta jarduera politikoen kontrako jazarpenaren zikloa ixtea behingoz. Ondorioz, datorren maiatzaren 3an abiatuko den epaiketaren modukoek behin betiko eten behar dutela deritzogu.
Horrela, hemen bildu garen lau indar politikook ezinbestekoa deritzogu Gobernu espainiarra bere immobilismotik mugiaraziko duen herri mobilizazioari eutsi eta indartzea. Horregatik, dei egiten diogu euskal herritar orori datorren larunbatean, maiatzak 5, Bilbon egingo den manifestazio nazionalean parte hartzeko. Era berean, ordezkaritza bat bidaliko dugu Madrilera epaiketa hasten den egunetan epaituei gure babesa eta elkartasuna adierazteko.