Ezker abertzalea, Aralar, EA, Alternatiba eta AB ezkerreko alderdi abertzaleek estrategia nazionalerako konpromisoa aurkeztu eta sinatu dute eguerdian Irunen, Ficoba erakustazokan. 25 minutuko ekitaldia izan da: akordioaren irakurketa eta izenpetzea.
“Indarrak biltzearen aldeko apustu sendo eta estrategikoa” dela esan dute, “eraikuntza nazionala eta eraldaketa soziala bultzatzeko” asmoz, “bakean, askatasunean eta justizia sozialean oinarritutako Euskal Herria eraikitzeko”. Azken batean, “Europan Euskal Herria nazio burujabea” lortzeko xedea daukate.
Euskal gatazka politikoa gainditzeko “akordio demokratikoa” aldarrikatu dute, eta horretarako bazterketarik gabeko elkarrizketa behar dela uste dute. Pertsona eta kolektibo guztien eskubideak behar dira, haien arabera, eta horien artean erabaki eskubidea funtsezkoa dela diote gatazkaren korapiloa askatzeko.
“Eredu ekonomiko subiranoa, justua eta ekologikoa” behar dela diote. “Euskal identitatearen ikur nagusia euskara” dela azpimarratu dute, eta Euskal Herri osoan ofiziala behar duela izan.
Irakurketan eta sinaduran parte hartu dute ezker abertzaleko Rufi Etxeberria eta Anita Lopepek, Aralarreko Patxi Zabaleta eta Rebeka Uberak, EAko Pello Urizar eta Miren Urrestietak, Alternatibako Oskar Matute eta Amaia Agirresarobek eta ABko Peio Etxebarri-Aintziart eta Mertxe Colinak.