Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek Antonio Basagoitik bere blogean osasungintzaz eta etorkinen inguruan adierazitakoa salatu du gaur, EAEko PPko buruak bere benetako aurpegiaren berri eman duela ziurtatuz: “zer nolako jarrera politikoa duen adierazi digu, ultraeskuin zaharkituarena, xenofoboa eta arrazista, baliabide publikoak klase sozialaren eta pertsonen jatorriaren arabera lehenesten dituena”.
Matutek justizia soziala bezalako edukiak “prostituitzea” leporatu dio Basagoitiri, Espainiako Gobernutik “Mariano Raxoi alderdikideak hezkuntzan eta osasungintzan eginiko murrizketak justifikatzeko esan du, pertsonen duintasunaren kontrako eraso larriak izan arren”. Gobernu popularrak osasun zerbitzuetan ezarritako murrizketak izan dira, hain zuzen ere, PPko buruzagiak gaia jorratzeko baliatutako aitzakia. Raxoik iragarri eta Basagoitik txalotutako neurrien artean beren egoera guztiz arautua ez duten etorkinei osasun txartela eskuratzeko trabak ezartzea dago.
Alternatibako bozeramaileak berriz eskatu ditu “gure baliabideak erabiltzeko ahalmena, bakarrik elkartasunaren eta internazionalismoaren bidetik lortuko dugulako pertsona libreek osatutako gizarte librea, non inolako bazterkeriarik pairatuko ez den, ez arrazarengatik, ezta klase baldintzengatik edo erosteko ahalmenarengatik”. Azkenik, Raxoi eta Basagoiti “muturreko betiko eskuin espainiarra” direla gogorarazi du eta, horregatik, Euskal Herrian ezkerreko eragile sozial, sindikal eta politikoen elkarlanerako deia egin du, “haien politika eta murrizketei batera erantzuteko”.