Eusko Alkartasunak, Alternatibak, Aralarrek eta Ezker Abertzaleak, Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz Iñigo Cabacas gaztea hil eta hilabetera, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailburu Rodolfo Aresek, apirilaren 5ean gertatutakoa oraindik ez duela argitu adierazi nahi dugu. Gertatutakoaren erantzukizun politikoa benetan onartu duela iradoki dezakeen neurri edo keinurik ez dela egon salatu behar dugu ere.
Deitoragarria deritzogu Polizia Autonomikoaren egungo ereduaren inguruan hausnarketa iragarriko zuela esan ondoren, adierazpenok hitz soiletan gelditzeari. Iñigoren heriotzaren harira sortutako ezinegon sozialari begira baino ez zituela egin argi gelditu da.
Hala frogatu zuen Aresek Xuben Nafarrete larri zauritu zuen karga azaltzeko agerraldian, aurretik gainditutzat jo zuen polizia eredu baten apologia besterik ez baitzuen egin. Iñigo Cabacasen oroimenak, haren senide eta lagunek, Bilboko hiritarrek eta, oro har, euskal gizarteak jarrera arduratsuagoa merezi dute Herrizaingo Sailaren arduradunaren partetik.
Aresek bere aginduetara dauden polizien jokabidea justifikatu nahi izan du bi kasuetan, Xuban zein Iñigorekin, batean zein bestean eginiko kargak Herrizaingo Sailak erabilitako argudioak deuseztatzeko froga eta lekukoen testigantzak egon narren. Ezin ahaztu, gainera, kargak Europako Batasunak ez egokitzat jotzen duen materialak erabilita egin zirela, ondorio lazgarriak eragin ditzaketelako.
Milaka herritar izan dira gehiegikeria nagusi izan duten jokabideen lekuko eta horien ondorioen berri izan dutenak. Hala ere, Talde Mugikorra indartzeko Aresek iragarritako asmoak, konponbideak eskaini beharrean, egungo polizia ereduan sakondu egiten du, protesta soziala delitu bilakatu eta zapaltzea bilatzen duena.
Eusko Jaurlaritzak erantzukizunak estali eta euskal gizartean egiteke dagoen eztabaida ekidin nahi izan du, etorkizunera begira beharrezkoa dugun polizia ereduaren inguruko eztabaida, hain zuzen; zeregin nagusia herritarren segurtasuna bermatzea izango duena, era guztietako indarkeria eta zapalkuntza alboratuta.
Horregatik berretsi egiten dugu polizia ereduaren inguruko eztabaida sozial eta politikoa abiatzeko exijentzia; Euskal Herriak egun bizi duen garai berriari egokitutako eta polizia zapaltzailearen egungo eredua gainditu behar duen Ertzaintza beharrezkoa delako.
Azkenik, Eusko Alkartasunak, Alternatibak, Aralarrek eta Ezker Abertzaleak arduradun politikoei dei egiten diegu, herritarren gehiengoak eskatzen duenari men egin diezaioten. Hori dela eta, berriz ere exijitzen dugu Aresen dimisioa edo kargutik ken dezatela.