Planetaren mugei eta bizitzaren jasangarritasunari muzin eginez, produktibismo hutsean oinarritzen den sistema ekonomikoak sortu duen krisi sistemikoaren aurrean gaude. Hazkunde finantzari espekulatiboan oinarri duen krisia da bizi duguna, kapitalaren mesede hutsean, gure bizitza zapaltzeko gai dena. Egoera honen aurrean, Alternatibak, Aralarrek, Eusko Alkartasunak eta Ezker Abertzaleak egungo sistema ekonomikoa, merkatua eta sistema finantzaria errotik aldatuko duen alternatiba martxan jartzeko apustu sendoa egiten dugu.
Gaurko agerraldi honen helburu nagusia zera da: euskal banka publiko eta solidarioa sortzearen beharra mahai gainean jartzea. Euskal herritarron interes eta beharrei erantzungo dien banka publikoa. Etekinen pribatizazioa eta galeren sozializazioa helburu duen egungo ereduaren antipodetan egongo den banka publiko eta solidarioa.
Azken urteotan banka sistemarekin gertatzen ari dena erabateko esperpentoa da. Baina herritarron eskubide sozialak arriskuan jarri eta banka beren onura propioan kudeatu dutenei dagozkien erantzukizunak eskatzeari uko egin diete gobernuek. Maila guztietako erantzukizunak eskatu beharrean, baita penalak ere, PPren gobernuak, PSOEk markatu zuen ildoari jarraituz, pairatzen ari garen krisia sorrarazi duten pertsona eta instituzioei laguntza ematera erabaki dute. Irtenbidearen izenean, banka diru publikoz hornitzen dute, sistema publikoa ahulduz, instituzioak bankuen menpe utziz eta ongizate estatua hiletsiz.
Raxoiren gobernuak inposatutako azken erreformei begiratzea baino ez dago; azkena, Bankiaren nazionalizazioa. Alderdi Popularraren kontrolpean zeuden Caja Madrid eta Bancajaren fusioa, Bankia sortu zuena, diru publikoa erabiliz “onbideratu” behar izan da orain, jendarte ekintza desagerrarazten den bitartean, eta herritarrei maila guztietako murrizketak inposatzen zaizkion bitartean, urteetako borroka sozialaren bidez lortutako eskubide sozial, laboral eta babesekoak amildegi ertzean utziz.
Hemen, Euskal Herrian, gauzek batzuk nahi duten moduan jarraitzen badute, gauza bertsua gerta daiteke Kutxabankekin. Hortxe dugu Catalunya Banc-en gainean egindako eskaintza, zeinak Kutxabanken etorkizuna eta, ondorioz, jendarte ekintza arriskuan jartzen dituen; eta, horretaz gain, Kutxabankek lortu behar dituen helburuetatik gero eta gehiago aldentzen duena. Zeintzuk izan beharko lirateke helburu horiek? Euskal Herriarentzako sistema finantzari publikoa defendatuz, bere errekurtsoak honakoetara bideratzea: krisia gainditzera, kalitatezko enplegua sortzera, enpresa txiki eta ertainei laguntzea eta, bereziki, herritar ororen behar eta interesei erantzutea.
Hemen ordezkatuta gauden lau indar politikook oso garrantzitsutzat jotzen dugu Kutxabankek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aurrezpenen bidez lortutako 75.729 miloi eurotako aktiboa izatea. Gure aldetik, eskuineko alderdiek bultzatzen ari diren politika finantzariaren alternatiba gisa, helburua zera da: aktibo horiek euskal jendartearen gehiengoaren ekonomiaren mesedetan erabiltzea, eta ez kapitalaren mozkinak areagotuko dituen espekulazioan. Horretarako, fusio espantsionistak alde batera utzita, ekonomia eta behar sozialen aldeko apustua egin behar da.
Ezinbestekoa da Kutxabank ez pribatizatzea eta, etengabeko hazkunde espekulatiboa alboratuz, izan behar duenaren gisara funtzionatzea: herritarron eta planifikazio sozial eta ekonomikoaren zerbitzuaren mesedetan egongo den banku publiko gisa. Zentzu horretan, Banca Cívicarekin gertatutakoa oso argigarria da, hasierako fusioak, ondoko pribatizazioak eta egungo Caixaren esleipen prozesuak, Caja Navarrak noizbait izan zituen helburu sozial eta publikoen bukaera ekarri baitute.
Eredu aldaketa premiazkoa da. Baita banaka sistemarako ere. Merkatua herritarren zerbitzura egongo den eredua behar dugu, eta ez alderantziz. Kontrol publikoa izango duen eredua, beharrezkoak direnean, erantzukizunak eskatuko dituena. Eusko Legebiltzarreko Kutxen Legeak argi uzten dutenez, ez PSOEk, ez PPk ezta PNVk ere burutan ez daukaten ereduaz ari gara.
Kutxen Legeari dagokionez, atzo bertan egin zen publiko Alderdi Popular eta PNVren artean lortutako akordioa. Abenduan Bildu Kutxabankeko Administrazio Kontseilutik kanpo uztea adostu zuten. Orain, Euskal Herriko eremu honetako eskuinak, kontseilu horretako kontrola euren eskutan egotea bermatuko duen akordioa adostu du, errealitate instituzional berria islatuko zukeen ordezkaritza proportzionala kontzienteki alboratuz.
Kutxabank banku bat da, baina bertoko akzio guztiak hiru kutxen eskuetan dauden neurrian, banku publiko bati buruz ari gara, eta, horrenbestez, ordezkaritza politiko eta sozial proportzionala eta demokratikoa izan beharko luke. Baina Kutxen Lege honetan ez da horrelakorik emango, legearen terminoak adostu dituzten PNVk eta PPk herri honen interesetatik oso urruti dauden helburu espekulatibo eta espantsionistak baino ez dituztelako.
Kutxen Legearen inguruan, zera azpimarratu nahiko genuke: bai PSEk aurkeztutako zirriborroak, eta baita PP-PNV akordioak ere, udalen parte-hartzea izugarri murrizten duela. Urtebetetik hona, Bilduk eta Aralarrek gobernatutako udal ordezkaritza garrantzitsua osatu da. Orain, dagokiena baino botere kuota handiagoren bila, ordezkaritza hori desagerrarazi nahi dute gainontzeko alderdiek. PSEren proposamenean eta PNV-PPk adostutako akordioak udalen parte hartzea %30etik 17ra murrizten du. Udala da herritarrok gehien baloratzen dugun instituzioa, jendearengandik hurbilen dagoena, etxe kaleratzeen edota jendarte-ekintzaren beharren arazoak hurbilenetik ezagutzen duena. Baina, ikusten denez, hori, batzuei, bost axola.
Esandako guztia dela eta, indar politiko guztiei eta, bereziki, PP eta PNVri dei egiten diegu, Kutxabankeko Administrazio Kontseiluan indar politiko guztien ordezkaritza berma dadin, Kutxen Legearen gainean indar guztien arteko akordioa bila dezagun eta, pairatzen ari garen krisi larriaren aurrean, Kutxabankek bete behar duen paperaren gaineko eztabaida ireki dadin.