Eusko Alkartasuna, Alternatiba, Aralar eta Ezker Abertzaleak gure iritzia plazaratu nahi dugu, gaur Entzutegi Nazional espainiarrean bukatuko den D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketaren harira.
– Epaiketa hasi baino lehen esaten genuena berretsi egin da: euskal jendarteari hauteskundeetarako eskaintza bat egitea delitutzat hartuta epaiketa goitik behera politikoa izan da 13 herritar horien kontra egin dena. Berriro ere Espainiako Auzitegi Nazionalak frogarik gabeko eta, are larriagoa dena, benetako deliturik gabeko epaiketa bat burutu du, lan politikoa egitea eta sufragio askerako eskubidea bera zigorbidean jarrita. Eskubide demokratikoen ikuspuntutik urraketa oso larriaren aurrean gaude beste behin ere.
– Epaiketa hau ilegalizazio politiken luzapena da, argi eta garbi. Euskal herritarren gehiengo zabal batek behin betiko gainditu nahi duen legez kanporatzeen politikaren eszenifikazio berri bat. Aro politiko berrian guztiz ulertezina gertatzen da euskal jendartearentzako eta nazioarteko komunitatearentzako Espainiako estatuak era honetako salbuespenezko epaiketekin jarraitzea.
– Zentzu horretan, justizia egingo bada, absoluzioa izango da epai posible bakarra: 13 auzipetuak aske geratzea eta ilegalizazio politikoen makinaria judiziala behin betiko gelditzea eskatzen dugu.
– Azken epaiketa politikoa izatea eskatu izan dute 13 auzipetuek beraiek. Horrela eskatzen dugu guk ere, lehenengo eta bat eskubide zibil eta politiko guztien errespetuaren izenean. Eta horrekin batera, konponbide demokratikorako ezinbesteko urratsa delako salbuespenezko politika guztiak bukatzea, tartean epaiketa politikoak. Jarduera politikoa ez dadila beste inoiz ere zigorraren bankilloan eseri.
– Euskal Herrian gehiengo sozial eta politikoak argi eskatzen dio estatuari gatazka politikoaren konponbiderako aukera historikoaren aurrean jarrera eraikitzailea har dezan. Horrela eskatzen ari da nazioarteko komunitatea ere behin eta berriro. Epaiketa eta zigor politikoak eta salbuespenezko politikak indargabetzeko ordua da. Elkarrizketa eta konponbide garaia da.