Oskar Rueda – Alternatibako kidea
Hala egin die eraso udal gobernuak Gasteizko haur eskolen funtzionamenduari. Egia esan, ez dakit gauez gauzatu ote den, baina azpikeriaz ziur baietz. Eta zergatik?
Haur eskolen ohiko funtzionamenduaren arabera, alor honetan lan egiten duten funtzionarioek azaldu didatenez, udaleko hezkuntza saileko arduradun Iturricha Jaunak zuzendutako lantaldeak, datorren 2012-2013 ikasturterako proposamen guztiak urtarrilaren amaieran bidali behar zituen, eta ez apirilaren hasieran, gertatu den bezala. Pentsa genezake asmo txarrik gabeko atzerapen soil bat izan dela, baina ezinezkoa dirudi, eskola honetako erabiltzaileentzat garrantzitsuak eta batez ere kaltegarriak eta baztertzaileak diren aldaketa batzuk egiteko, azken unera arte itxaron duela pentsatzean.
Ordutegiak aldatzea erabaki dute, sarrera atzeratuz eta irteera aurreratuz, familia askorentzat honek dakarren kaltea kontuan hartu gabe. Baina Iturricha Jaunaren kalkuluen arabera, familia gutxi batzuk dira eta ez dizkio pena merezi; edo bere hitzetan esanda: “ez dute errentagarritasun sozialik”. Zeharo desegokia den komentarioa gainetik irakurtzen dutenek, beharbada ez dira konturatuko benetan zertaz ari den, hau da, ordutegi hau ezinbestekotzat duten familiek, euren beharrengatik eta ez apetak eman dielako, euren seme-alabak ordutegi horretan izena emanda dituztenak, berarentzat hutsaren hurrengoa direla. Gizon honentzat ez dira sozialki errentagarriak baina nik politikoki ezinbestekoak ez direnaren itxura hartzen diot.
Gainontzeko haur eskolak, partzuergoarenak direnak, ordutegi hau eskaintzen jarraituko dute eta familia hauetako askok udal eskola batean duten plaza bati uko egin behar izango diote, beste zentro batean nekez leku bat lortzen saiatzeko, dagoeneko matrikulazio epea itxita dagoelako. Beharbada horrela lortuko dute politikari askok lau haizetara esaten dutena eta gero betetzen ez dutena: Familia eta lanaren arteko kontziliazioa.
Argi utzi behar da gobernu taldeak prozedurari jaramonik egin ez diola, ordutegien aldaketak osoko bilkurari dagozkiolako eta ez gobernu taldeari. Honek aldaketak egin ditzake soilik aldi baterako beharrizan zehatzengatik, inoiz ez behin betikoak. Honi gehitzen badiogu Iturricha Jaunaren neurri honi esker, zerbitzu hau eskaintzen duten aldi bateko langileen soldatak aurreztuko dituztela, dudarik gabe ondorioztatu dezakegu errentagarritasun sozial delako hori dirua besterik ez dela. Udalak ziurtatu duen bezala, “aldi bateko langile horiek ez dute euren lana galtzen”, eta egia da, baina ez dira euren kontratuak berrituko. Bitxia da hirian langabezia igoaraziko dutela ezeztatzea, horixe bera denean egiten ari direna, aldi batekoak ere langileak direlako, langile finkoen eskubide eta betebehar berdinekin.
Maroto Jaunak kargua hartu zuenean, lana lehentasun izango zuela esan zuen, baina: Zertaz ari zen, lana sortzeaz edo suntsitzeaz?
Azken ohar bat. 2 urteko geletan izena ematen duten ikasleen gurasoek 51 euro ordaindu beharko dute, gainontzeko ikastetxeak doakoak izaten jarraituko dutela. Orain arte %100a bekadunak izatetik %60a izatera pasako dira. Bai, garai gogorrak dira eta inork pentsatuko du neurriok beharrezkoak direla, baina… Zer irabazten du udalak honekin? 165.000 euro. Familia askori ordainaraziko dioten kopurua da, bestela ere aurreztu daitekeena, esate baterako, nahiera aukeratutako udal aholkulari eta agentzia publikoen zuzendari batzuen soldata erraldoiak eta gehiegizko ekitaldi desfasatuak murriztuz edota udal bulego berrien eraikinaren materialen bat aldatuta.
Badirudi Udala zuzentzen dutenek, kudeatzen dituzten bost udal haur eskolak ondotik kendu nahi dituztela. Hiri honetan asko estimatzen dugun ondasun bat da, eskaintzen duen zerbitzu onarengatik eta gizarte zein hizkuntza zerbitzuen buruan jartzen gaituelako. Lehen harro sentiarazten gintuen hori, aurki ez dugu gehiago izango, baldin eta ez badiegu sinestarazten ongizate politiketan ezin dugula murrizketarik egin, ez orain ezta inoiz ere, lanaren, familien eta hiriaren alde.