Alternatibak, Aralarrek, Eusko Alkartasunak eta ezker abertzaleak larunbat honetan egingo dugu gure proposamen sozioekonomikoaren aurkezpen publikoa. Proposamen horretan jasotzen dira bizi dugun krisi ekonomiko, sozial eta baloreetako larritik irteteko gure irizpideak eta ideiak. Aurkezpen publikoa EHUren Bilboko Paraninfoan egingo da, eta bertan lau alderdietako ordezkariek parte hartuko dute.
Ezkerreko lau indar soberanistek uste dugu badela irtenbidea bizi dugun krisi egoeratik irteteko, baina irtenbide hori ez dela etorriko ezartzen ari diren austeritate neurriekin edo urteetan, borroka sozialaren bitartez, lortu diren eskubide sozial eta laboralen murrizketen bitartez. Horretarako, administrazio ezberdinek ezarri dituzten politika sozial eta ekonomikoen alternatiba izango den proposamena landu eta praktikan ipini beharra dagoela uste dute, eta horretara dator prestatu dugun Proposamen Sozioekonomikoa. Proposamen hori hainbat eragile sozial eta ekonomikorekin partekatzen ari gara, haien ekarpenak jasotzeko helburuarekin.
Bizkaian, Euskal Herriko beste herrialdeetan bezala, egoera ekonomiko eta soziala oso kezkagarria da, eta dramatikoa ere bai zenbait kasutan. Langabezia-tasa %15,2koa da, eta EAEko bataz bestekoaren gainetik dago (%12,1); Ezkerraldearen kasuan langabezia-tasa %20 ingurukoa da. Langabeen kopurua 90.000tik gorakoa da jada. Era berean, aurtengo urtearen lehen hiru hilabeteetan nabarmen egin du gora aurkeztutako lan erregulazioen espedienteen kopurua. Martxora bitartean, 329 ziren baimendutako espedienteak; horiek 4.602 langileri eragin diete. Eta CEBEK Bizkaiko patronalak aurreikusi di BPG %1,2 jaistea Bizkaian, eta horrek 9.400 lanpostu deuseztea eragingo du.
Langabezia kopuru horrek ekarri du Bizkaiko jendarteko txirotasun tasak inoizko handienak izatea. 38.000 pertsonatik gora dira oinarrizko errenta jasotzen dutenak eta 12.000tik gora etxebizitzarako osagarria jasotzen dutenak.
Arlo sozialean hain kezkarria den egoera honen aurrean, EAJren Bizkaiko Diputazioak, Madrilgo gobernuan PPk eta aurretik PSOEk zein Jaurlaritzan ezarritako neurrien bideari jarraituz, krisitik irteteko eta horren ondorioak leuntzeko inolaz ere baliagarriak izango ez diren politikak lehenetsi ditu. Horren lekuko da 2.436 familia geratu direla prestazio sozialak jaso gabe, beraien espedientea “galdu” egin zelako Bizkaiko Diputazioak kudeatzen dituen zerbitzu sozialak erabili ahal izateko tramitetan ari zirela. Bizirauteko eta hilabete amaierara iritsi ahal izateko foru zerbitzuak behar dituzten pertsonak artatzeko, bi hilabeteko itxaronaldia dago. Eta prestazio epeak ere galtzen dira, edozein dokumentu aurkeztu ahal izateko aldez aurretik hitzordua eskatu beharra dagoelako.
Beraz, egoera ekonomiko eta sozial oso kezkagarri baten aurrean gaude, eta Bizkaiko Diputazioa ez da ari modu eraginkorrean eta parametro sozialekin erantzuten. Politika ekonomiko eta sozial eraginkorrak ezarri ahal izateko oinarria den fiskalitatean, esaterako, EAJren Bizkaiko Diputazioak, PPren eta PSEren babesarekin, diru-sarrerak jasotzeko bere gaitasuna murriztu egin du apurka-apurka. 1997tik PFEZean egin dituzten aldeketekin, errentarik altuenek orain 15 urteko baino %11 gutxiago tributatzen dute.
Neurri horiek diru-sarreren gutxitzea eragin duten aren, Bizkaiko Diputazioak azpiegitura handiak eraikitzearen aldeko apustua egin du, Supersurra edo Bilboko Hegoaldeko Saihesbidea, esaterako. Horren ondorioz, nabarmen gutxitu dira politika sozialetan erabili ahal izan diren diru publikoak eta, gainera, Bizkaiko paisaia eta ingurumena hondatzea eragin dute.
Hala, Ezker Abertzaleak, Eusko Alkartasunak, Alternatibak eta Aralarrek burujabetza politiko eta ekonomikoan oinarritutako proposamen sozioekonomikoa aurkeztu dugu, bere baitan dauden neurri guztietan agerian uzten duena beste kudeaketa eredu bat posible dela. Burujabetza da egoera hau gainditzeko eta etorkizunera begira egongo den gizartea eraikitzeko gure tresna, indarrean dagoen eredu politikoa, instituzionala eta sozioekonomikoa aldatzeko gaitasuna eskaintzen duelako eta eraldaketa soziala erdiesteko eskaintzen duen aukerarengatik. Proposamen horiek hurrengo larunbatean, hilaren 26an, Bilboko EHUren Paraninfoan egingo dugun ekitaldi publikoan aurkeztuko ditugu.