Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek Sortu legez kanpo utzi zutenetik urtebete baino gehiago pasa dela gogorarazi du gaur: “denboran luzatu duten bidegabekeria ez da bakarrik alderdi baten kontrakoa, baizik eta gure herriaren sektore politiko eta sozial jakin baten kontrako mendekua”, Matutek gaineratu duenez, “Euskal Herrian normalizazioa eta bizikidetza lortzeko ezinbestekoa den sektoreaz ari gara”.
Alternatibatik nabarmendu dutenez, bihartik aurrera ezagutuko den Auzitegi Konstituzionalaren erabakia edozein izanda ere, “euskal gizarteak argitasunez adierazi du Sortu legeztatzearen aldeko jarrera, kalean eginiko manifestazio jendetsuetan edota Euskal Herrian garai berria eraikitzeko apustua egin duten hauteskunde koalizioen alde bozkatzen”. Era berean, Matutek Espainiako Erresumako gobernuek darabilten “justizia arloko badaezpadako armak” salatu ditu, “guztiz antzuak izan direlako herri honetako ezkertiarren eta abertzaleen bidea oztopatzeko helburuan”.
Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak, azkenik, “erabaki politiko jakin batzuk behartzeko justiziaren gainean egiten den presioa” arbuiatu du, “anakronikoa eta antidemokratikoa” delako. Horregatik, dena da ETA asmatu eta denboran iraunarazi dutenei “diskurtsoa aldatu eta ideia desberdinak dituztenen gaineko koarentenari amaiera eman diezaioten” exijitu die.