Hemen ordezkaturik gauden lau indar politikook gure Proposamen Sozioekonomikoa aurkeztu genuen Maiatzaren batean. Proposamen horretan azpimarratu genuen gure herriak behar- beharrezkoa duela burujabetza ekonomiko eta politikoa, krisi luze eta sakon hau eragin duenaren ereduaren parean, guztiz bestelako eredu sozial eta ekonomikoa eraikitzeko.
Gure herriak subiranotasun osoa behar du merkatuen diktadurari aurre egiteko eta haien morroi leiala den Raxoiren gobernuari. Izan ere, Raxoiren gobernuak murrizketak edo erreformak onartzen ditu astero, bankuen eta gutxi batzuen onerako; eta herri honetako gehiengoa garen langile eta herritar xeheen kalterako. Hori guztia, gainera, zentralizazio prozesu baten bidez egiten ari da, gaur egungo markoaren mugak are nabarmenago geratzen ari direla.
Gure herria atzeraldian sartu da berriro ere. Instituzioen diru-sarrerak gero eta urriagoak dira. Udalen, aldundien eta gobernu autonomikoen egoera dramatikoa da. Eta horrek eragotzi egiten du egoerari aurre egiteko beharrezkoak diren neurriak hartzea. Horixe da gaur egungo errealitate gordina.
Hori dela eta, gure herrian eredu sozial eta ekonomiko berri bat beharrezkoa dugu; eta eredu hori abian jartzeko 180 graduko iraulketa egin behar dela berresteaz gain, deialdi bat eta PROPOSAMEN ZEHATZ bat egin nahi ditugu gaur, Raxoiren gobernuak eta haren politika ekonomikoa itsu itsuan betetzen duten guztiek eskaintzen diguten gainbehera geldiezinaren aurrean, inflexio puntua izango den proposamen zehatz bat, hain zuzen ere.
Gaur egungo egoeran, ezinbestekoa da administrazioek eta sektore publikoak TALKA-PLAN bat egitea. Nabari-nabaria da merkatuei nahi dutena egiten uztea ez dela ezeren berme, gainbeherarena ez bada. Horregatik, sektore publikoak eta administrazioek esku hartu eta paper aktiboa jokatu behar dute. Krisi garaian zerbitzu publiko eta sozialen premiarik handiena dutenei zerbitzu horiek bermatzeko beharrezkoak diren ekonomia-baliabide guztiak bilduko dituen talka-plan bat behar dugu.
Zerbitzu publiko eta sozialak behar ditugu sektore produktiboarekin batera sektore erreproduktiboa ere bultzatzeko eta, zainketa-ekonomia babesteko, nagusiki emakumeok alor horretan egunero egiten dugun lan eskerga bermatuko duten zerbitzu publiko indartsuak eskainiz. Eta gure Herriko ekonomia sustatzeko baliabideak behar ditugu, gure ekonomiako sektore guzti-guztiak bultzatzeko, berritzeko eta dibertsifikatzeko eta, ondorioz, enplegua sortu ahal izateko.
Hori guztia dela eta, sei neurri zehatz proposatu nahi ditugu. Neurri horiek beste eredu sozial bat eraikitzea ahalbidetuko dute, eredu bidezkoago bat, gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasuna bermatuko duena, ingurumena zainduko duena eta parte-hartzea sustatuko duena. Azken finean, inposatu nahi diguten neoliberalismo basatia gaindituko duen eredua. Gaur egungo sistema suspertzeko adabakiak jartzera mugatuko ez dena. Bide horretan, gure herrialdeko gainerako indar politiko, eragile sozial eta ekonomikoei honako sei neurri zehatz hauek proposatzen dizkiegu:
1. neurria: Lehen esan dugun bezala, pairatzen ari garen egoera larria iraultzeko beharrezkoak diren ekonomia-baliabide guztiak behar ditugu. Saltzen ari zaizkigun “austeritateak”, maila orotako murrizketa eta ondorio sozial dramatikoekin batera, krisi ekonomikoa denboran luzatu eta beheraldi amaigabea dakar.
Horren aurrean, eta sektore publikoak ekonomia-baliabide berriak izango dituela bermatzeko, ERREFORMA FISKAL SAKONA ETA BIDEZKOA egin behar da. Erreforma horrek aberastasunaren birbanaketa handiagoa ziurtatu behar du, eta sektore publikoak beste norabide batean talka-neurriak hartzeko behar dituen baliabideak bermatuko ditu.
Adibidez, Hego Euskal Herriko lau aldundiek Gipuzkoako Foru Aldundiak bere lehen erreforma fiskalean hartu dituen neurriak abian jarriko balituzte, 500 milioi euro baino gehiago jasoko lirateke (banatu dizuegun 1. eranskinean dituzue datu zehatzak). Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundia sozietateen gaineko zergaren ezinbesteko erreforma prestatzen ari da, eta horrek ere diru-sarreren oso igoera handia ekarriko luke lau aldundiek horretarako borondatea erakutsiko balute. Daukagun ahalmen fiskal bakarra zeharkako zergei dagokiena da, baina, berriro diogu, politika fiskal orekatuago eta progresiboago bat abian jartzea aski litzateke zuzenean 500 milioi euro baino gehiago biltzeko.
2. neurriari ekingo diogu orain. Instituzioen gaur egungo egoera aintzat hartuz, eta politika fiskal berri baten emaitzek denbora behar dutela jakinik, gaur egun ezinbestekoa da gasturik eta inbertsiorik premiazkoenei eta urgenteenei lehentasun osoa ematea. Ildo horretan, eta egungo benetako beharrei erreparatuz, GAUR EGUN ERAIKITZEN ARI DIREN AZPIEGITURA HANDIEN LANEN BEREHALAKO MORATORIA galdegiten dugu.
Gure herrialdean azpiegitura erraldoien inguruan iritzi desberdinak daudela jakin dakigula, gai horri buruzko eztabaida sakona eskatu dugu behin eta berriro. Guztiz beharrezkoa iruditzen zaigun eztabaida horri heldu bitartean, gaur, proposamen honetan, lan horiek etetea besterik ez dugu eskatzen, Irun?eko eta Gasteizko gobernuek aurtengo aurrekontuetan obra horietarako bereizi dituzten ekonomia baliabideak beste norabide batean gastatzeko eta inbertitzeko.
Aurtengo aurrekontuetan Irun?eko eta Gasteizko gobernuek dirutza ikaragarria esleitu dute obra horietarako, 500 milioi euro gutxienez. Beraz, sakoneko eztabaidan sartu gabe, gaur egun baliabide horiek beste norabide batean erabiltzea guztiz beharrezkoa eta urgentea dela diogu.
Beraz, proposatutako bi neurri horiek erakusten dute erraza dela 1.000 milioi euro baino gehiago lortzea bestelako politika ekonomiko eta sozial batean inbertitzeko. Horretarako borondate politikoa baino ez da behar. Eta 1.000 milioi horiek murrizketa sozial gehiagorik egongo ez dela bermatzeko erabili behar dira nagusiki. Dirutza horrekin gastu soziala ziurtatzea lor daiteke, pertsonarik pobreenek eta sektorerik behartsuenek krisiaren ondorio larriak jasan ez ditzaten. Hala ere, irtenbidea ez da, noski, laguntza sozialak bermatzea soilik.
3.neurria: Bide horretatik dator, hain zuzen ere, proposatzen dugun hirugarren neurria. Alegia, laguntza sozialak bermatzeaz gain, SEKTORE PUBLIKOAREN, GASTU SOZIALAREN ETA ZERBITZU PUBLIKOEN ALDEKO APUSTU ARGIA EGIN BEHAR DA.
Jendartearen, ekonomiaren nahiz giza ongizatearen arloan aurreratuen dauden Europako herrialdeek dituzten zerbitzu publikoek, esaterako, zainketa-ekonomia aintzat hartzen dute eta, kasu askotan, horrek lan merkatuaren ateak irekitzen dizkie emakumeei. Horregatik, legeak aitortutako eskubide subjektibo gisa ulertu behar da zaintza eskubidea eta era unibertsalean gauzatua izan dadin zerbitzu publikoen sare baten garapenaren bidez gauzatu behar da.
Azken finean, zera adierazi nahi dugu: gastu sozialean eta zerbitzu publikoetan inbertitzea ekonomiaren, jendarte ongizatearen eta bizi-baldintza duinen aldeko inbertsioa dela.
4.neurria: Horretaz gain, aipatu ditugun baliabideen parte bat eta instituzioen aurrekontuetako zenbait partida gure herrialdean beste ekoizpen eredu bat sortzeko erabili beharko lirateke.
Gaur egun, elikagai asko inportatzen dugun arren, bertoko nekazaritza gutxietsita dago, arrantza ahaztuta eta gure ekonomiaren oinarri izan den industriak bultzada handia behar du hobetzeko edo birsortzeko.
Horregatik, 4. neurri gisa, I+G+B AREAGOTUKO DUEN ETA GURE EHUN PRODUKTIBOA BERRITU, BIRSORTU ETA DIBERTSIFIKATZEA XEDE DUEN, INBERTSIO FUNTS HANDI BAT SORTZEA proposatzen dugu. Zeintzuk lirateke funts horren helburuak? jendarte onura, enplegu sorkuntza, ingurumenaren defentsa, energia aurrezpena eta balio erantsi handiko sektoreen sustapena. (Funts horren gaineko xehetasunak banatu dizuegun 2. eranskinean aurkituko dituzue).
5.neurria: Urgentziazko neurri horiek hartzeaz gain, eta bosgarren neurriaren abiapuntu gisa, ezinbestekoa da behar dugun garapen eredu sozial eta ekonomikoari buruzko benetako eztabaida abiatzea. Guk oso argi daukagu eskualdeak eremu natural eta egokiak direla eztabaida horri ekiteko; gure ahalmen, giza baliabide eta baliabide materialetan oinarritutako garapen endogenoa bertatik sustatzeko. Horregatik, hauxe proposatzen dugu: ESKUALDEZ ESKUALDEKO EZTABAIDA EGITEA eskualde bakoitzak BEHAR DUEN GARAPEN SOZIAL ETA EKONOMIKOA AZTERTZEKO ETA ZEHAZTEKO.
6.neurria: Eta, gaurkoz bukatzeko, proposatzen dugun seigarren neurria Banka nazional eta publiko baten aldeko apustua egitean datza eta, ondorioz, Kutxa Bank pribatizatzeko saiakerei uko egitean. Banka publikoak sektore estrategikoetara bideratu behar du inbertsioa, enplegua sortzera eta herritarren gehiengoaren onura bermatzera. Kontsumo eta produkzioaren hazkunde sostengaezinean oinarritzen den egungo eredu ekonomikoa eraldatzeko tresna izan behar da banka publikoa eta, beraz, eredu arrazionalago batetara igarotze bidean, planetaren muga naturalak babestuz, pertsonen beharren arabera ordenatua egon behar du.