Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek, Europako Banku Zentraletik eta Europako Batzordetik eginiko exijentziak salatu ditu gaur, “guztiz bidegabeak izatez gain, beharrizan handiagoak dituzten sektore sozialei eraso egiten dietelako, krisia sortu dutenen mesederako gainera”. Alternatibatik frogatutzat jo dute “demokrazia finantza sistemaren zirrikitu ilunetatik gidatu eta zuzentzen dutela, haien irabazi tarteekiko ardura dutenak herritarren bizi duina bermatzearen gainetik”.
Matutek BEZa handitu eta erretiro adinaren atzeratzea bizkortzeko Europatik eginiko eskakizunak gaitzetsi ditu, eta horien arduradunei “aski dela esateko unea iritsi” dela ziurtatu du: “haien gehiegikeriak ordaintzeko asmorik ez dugula irmotasunez esan behar diegu, are gutxiago haien botere gosearen mesedean eta gure gizarteko gehiengoaren interesen kontra”. Hala, erakunde hauek herritarrekin bat egin dezaketen leku bakarra epaitegiak direla nabarmendu du, “haiek akusatuen eserlekuetan eta gu, herria, fiskal lanetan, diru publikoarekin zigorgabetasun osoz egin dituzten lapurretak eta iruzurrak epaitzeko”.
Alternatibak Europako erakundeetatik proposatutako xantaia salatu du, “malgutasunaren ordainean sistema eta logika jasangaitzak iraunarazi nahi dituztelako”. Matutek ohartarazi duenez, “merkatuen diktadurak esklabutzara zigortu nahi gaitu, bere interesak gure bizitzaren gainetik lehenetsita”. Horren aurrean, ezkerrak argi esan behar die herritarrei “egoera honi aurre egiteko beste modu bat badagoela, enplegu duina, zerbitzu publikoak eta gizarte babesean oinarritutakoa. Izan ere, bizitzaren sostengarritasuna gure kezka guztien erdigunean jartzea dugu modu bakarra bazterkeria, pobrezia eta miseria gainditzeko”.