Alternatibako Ekologia Mahaiko bozeramaile Asier Vegak larunbat honetan Hernanin egingo den mobilizazio nazionalarekin eta giza katearekin bat egiteko deia egin du gaur. AHT Gelditu! Elkarlanak antolatutako ekintzak dira, makro azpiegitura honen eraikuntza geldi dezatela exijitzeko, ekonomia zein ingurumenari eginiko kalte ikaragarriengatik. Elkarretaratzeak Osinaga auzoan egingo dira eta bertan bilduko diren milaka lagunek obrek kaltetutako zonaldeetatik osatuko dute giza kate erraldoia, Urumea bailaran Abiadura Handiko Trenaren eraikuntzak eragindako hondamendia agerian uzteko asmoz.
Alternatibatik berriz ere ukatu dute inolako ardurarik gabeko eraikuntzak aurrerapenarekin zerikusirik duenik, izan ere, trenaren aurkako koordinadoratik askotan gogorarazi dutenez, Espainiako Erresuma da trenbide mota honetako kilometro gehien eraiki dituen herrialdea eta, era berean, langabezian eta murrizketa sozialetan da nagusi Europan. Ildo beretik, Vegak gogorarazi du AHTa inoiz ez dela izan euskal herritarren benetako eskakizuna eta ez duela haren inguruan iritzirik emateko aukerarik izan, “gure lurraldearen zati adierazgarri bat porlanez estaltzen ari den arren, gure etorkizuna eta hurrengo belaunaldiena zorpetzen ari dela, ingurumenaren ikuspegitik zein ekonomikotik”.
Alderdi ezkertiarreko Ekologia Mahaiarentzat “zentzugabekeria” da AHTa bezalako proiektuei eustea “erakunde batzuetatik eskubide sozialak urratzen dituztenean, orain arte ukiezinak ziruditen hezkuntza eta osasungintzan murrizketak egiten dituztenean, milaka eta milaka gizon eta, batez ere, emakume, pobreziara kondenatzen dituztenean”. Guzti horregatik, Vegak Hernanira joateko deia berretsi du, elkarretaratzeak “trena geldiarazteko beste indar har dezan”.