Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek EPPKren larunbateko adierazpena izan du gaur hizpide, “Euskal Herriak garai politiko berria bizi duela berrestera datorrela” ziurtatuta. Euskal presoen kolektiboak esandakoak “borroka armatuaren amaiera baieztatzen” duela uste du alderdi ezkertiarrak, “euskal gizarteak aspaldi ezagutzen eta ospatzen duena baina Madrilgo, Gasteizko zein Iruñeko gobernuek behin eta berriz ukatzen dutena”. Matutek “bideragarria” deritzo bake justua eta iraunkorra lortzeari, “herri gisa aurretik ditugun eztabaida eta erronkei aurre egiteko ezinbesteko pausuak ematea guztion lana den arren”.
Alternatibatik azpimarratu dutenez, borroka armatuaren amaieraren egiaztapenak “apurtu egiten du ETAren asmoen gaineko informazio faltsu eta interesatu oro, hainbat erakunde eta elkartetatik behin eta berriz tematu arren; egunotan kasu, presoei indarkeriatik aldendu eta biktimen mina aitortzeko exijitu dietenean, haien adierazpenak horixe bera egiten duela apropos ahaztuta”. Matutek berretsi duenez, “bakearen eta konponbide demokratikoen garaia da orain zabaltzen ari dena, Euskal Herriak duela urte asko espero zuena, eta alderdikeriengatik zein hauteskundeetan pentsatzen ari direnen kapritxoengatik atzeratu ezin daitekeena”.
Konponbideak lortzeko, Alternatibako bozeramailearen esanetan, “pertsona guztien eskubideak eta askatasunak berrezarri beharko dira, hauek kartzelan zein libre egonda ere. Horrexegatik, EPPK-k eginiko urrats berria txalotu egiten dugu, eta Espainiako zein Frantziako gobernuei sakabanaketarekin eta Parot doktrinaren amaitzeko eta eritasun larriak edo sendaezinak dituzten presoen askatasuna exijitzen diegu”. Eskaerok, gaineratu du, “Euskal Herriak espero eta behar dituen pausoak dira, Euskal Herriaren normalizazio politikorako eta askatasunerako bidean, non batzuek iraunarazi nahi duten gatazkaren ondorioz presorik izango ez den”.