Hego Euskal Herriko agenda politikoa «iraultzea» helburu duen «subjektu politiko berri bat» osatzeko konpromisoa hartu dute ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk eta Alternatibak. Orain arte, Bildu eta Amaiurren bitartez, ezkerreko indar subiranista eta independentistek egindako elkarlanari segida emango diote, beraz, lau indar politiko horiek.
«Luzera begirako akordioa» egin dute ezker abertzaleak, EAk, Alternatibak eta Aralarrek; akordioaren hamalau orrialdeetan markatutako puntuetan «elkarrekin eta lehentasunez» lan egingo dutela diote, baina alderdi bakoitzak bere helburuei eta nortasunari eutsiko die. Hurrengo urteetan garatzeko ekintza politikorako akordioari izaera sozial handia ematen dioten hamar esparru finkatu dituzte, halaber.
Sustatzaileek azaldu dutenez, hiru erronkari aurre egin beharko die subjektu politiko berriak: Euskal Herriaren ukazioari eta Espainiako eta Frantziako blokeoari; krisialdi ekonomiko sistemikoari eta esparru estatutario-konstituzionalaren agorpenari. «Egoera horren aurrean, ezkerreko eremu subiranistak abian jarri behar du pertsona eta herri guztien eskubideen defentsan oinarritutako agenda politiko bat», azaldu dute.
Elkarlan horren oinarriak aurkezteko, akordioaren sinatzaileek ekitaldi bat egin zuten atzo arratsaldean Donostian, Miramar jauregian. Lau alderdietako ordezkaritza zabal bat izan zen han; besteak beste, Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kidea, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusia, Pello Urizar EAko idazkari nagusia eta Oskar Matute Alternatibako bozeramailea. Guztien izenean mintzatu ziren Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko kidea eta Maiorga Ramirez Nafarroako EAko lehendakaria.
Lau eragileek eta ABk apirilaren 28an Irunen sinatutako estrategia nazionalerako konpromisoaren segida da akordio berria, Hego Euskal Herrira begira egindakoa. Iparraldekoa, udazkenean aurkeztuko dute, ABrekin batera. Finean, iazko urtarrilean ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak sinatutako Euskal Herria Ezkerretik akordioaren garapena da akordio berria. Hiru indar politiko horiez gain, Aralarrek eta ABk bat egin dute oraingoan.
Pluraltasunaren aitortza
Atzo aurkeztutako akordioaren ardatza Hego Euskal Herri osoa da, baina sinatzaileek nabarmendu dutenez, akordioa garatzeko orduan kontuan hartuko dituzte «Hego Euskal Herriko esparru administratibo-politikoetako errealitate eta abiadura guztiak», «Nafarroari dagokion berezko nortasun politikoa» aitortuta.
Euskal Herriaren subiranotasunaren defentsan elkarlanean jarduteko konpromisoa hartu dute sinatzaileek, baina ezkerreko ikuspegi markatu batekin. Akordioak dioenez, «egungo eredu sozioekonomikoa sakon iraultzeko» helburua dute sinatzaileek, eta, nabarmendu dutenez, euren helburua da eskuinari «alor guztietan» aurre egitea. «Aldaketa sozioekonomikoa ezinezkoa da demokratizazio politiko sakonik gabe eta euskal instituzio burujaberik gabe», nabarmendu dute.
Era berean, soilik bide politikoak erabiliz jardungo dutela diote sinatzaileek, eta bortxazko estrategia eta jarduera oro baztertzen dutela. Azpimarratu dute euren lana «jarduera instituzionalaren bidez zein desobedientzia zibila erabiliz» eramango dutela aurrera.
Jardun politikorako konpromisoak
Lau indar politikoek sinatu duten akordio estrategikoak esku hartze politikorako hamar esparru finkatzen ditu, ondorengo urteetan garatzeko. Hona hemen lan esparru horiek eta zehaztutako neurri batzuk, labur:
• Euskal Herriaren autodeterminazioa. Euskal Herriaren nazio izaeraren aitortza eta erabakitzeko eskubidea lortzeko proposamenak sustatu.
• Bake prozesua eta konponbide demokratikoa. Bide orriak izango dira Gernikako Akordioa eta Aieteko Bake Konferentziako adierazpena. Estatuek gainontzeko indarkeria adierazpen guztiak desagerrarazi behar dituzte. Gatazkaren konponbidea ekarriko duen elkarrizketa politikoa ere ezinbestekoa da. Konponbide integrala, elkarrizketa politikoaren bidez lortuko da. Euskal gizartea da bake eta normalizazio prozesuaren bermatzailea eta subjektu bakarra.
• Demokrazia zuzena, parte hartzailea eta herri boterea. Demokrazia zuzena eta parte hartzailea sustatzeko neurriak landuko dituzte, besteak beste, erreferendumak, herri kontsultak, herri batzarrak eta auzolana.
• Eredu ekonomiko bidezkoa eta ekologikoa. Euskal Herriko ehun produktiboan eta sektore estrategikoetan inbertitu. Sektore estrategikoen kontrol publikoa zein soziala indartu. Politika fiskal eta sozial aurrerakoia bultzatu, aberastasunaren banaketa eta sarreren eta gastuen oreka lortzeko. Osasun sistema publikoa eta unibertsala. Kalitatezko zaintza zerbitzu publikoak. Lan harremanetarako euskal esparrua lortu eta babes soziala bermatu. Lan eskubideen babesa, besteak beste, behin-behinekotasunaren aurkako neurriak sustatuz, gutxieneko soldata handituz… Elikagai subiranotasuna indartzeko politika aktiboak bultzatu, baserritarren ekonomia indartuz, saltzaileen arteko harremanak bermatuz eta eskualdeetako zirkuituak areagotuz. Ekonomia ekologizatu, iturri berriztagarriei lehentasuna emanez eta energia sistema publiko bat garatuz. Ekonomia soziala eta solidarioa babestu. Diru publikoaren kudeaketa gardena eta optimizatua.
• Euskalduntzea. Ofizialtasuna eskuratzea zazpi herrialdeentzat, eta normalizazioa lortzeko estrategia zehaztea.
• Feminismoa. Feminismo eraldatzailearen aldarrikapenekin bat egitea. Emakumeen bortxakeriaren aurkako borroka indartu.
• Hezkuntza. Kalitatezko hezkuntza publikoa, 0 urtetik unibertsitateraino. Euskal curriculumean oinarritutako berezko hezkuntza sistema bat garatzea.
• Gazteria. Aldaketa politiko eta sozialaren motorra dira gazteak. Gazteriak duen salbuespen egoera aldatzeko neurriak sustatu.
• Internazionalismoa. Europako mugimenduko politikoekiko harremanak indartu. Sare globalean esku hartu eta hitzarmenak garatu. Elkartasuna bereziki indartu estaturik gabeko nazioekin.
• Arrazakeria eta xenofobiaren aurka. Herritartasun unibertsalaren kontzeptu inklusiboaren defentsa aktiboa.
Testua: Berria
http://alternatiba.net/old-files/EZKERREKO SUBIRANISTEN KONPROMISOA.pdf