Alternatibaren Asanblada nazionalak bilera egin du gaur, Gasteizen, eta aho batez erabaki du Euskal Herriko ezkertiar eta subiranisten indar metaketari jarraipena ematea, hurrengo hauteskundeetara Aralar, Eusko Alkartasuna eta ezker abertzalearekin batera koalizioa osatuta aurkeztuz. Gure herriak behar duen subjektu ezkertiar eraginkorra indartzeko tresnarik egokiena dela uste dugu, aurreko koalizioekin, Bildu eta Amaiur, egiaztatu dugunez. Horrexegatik, Alternatibak gogoz eta ausardiaz hartuko du parte bihar Donostian lehenengo aldiz plazaratuko dugun alderdi metaketan.
Euskal Herriko gizon-emakumeek PPk, PSEk eta PNVk ordezkatzen duten diskurtso bakarra baino askoz gehiago merezi dute, hiru alderdi hauek finantza botereen mesedetara daudela argi utzi baitute. Une zailetan gaudela, heldu da garaia bizi ditugun krisi anitzei aurre egiteko era desberdinak daudela frogatzeko. Eskubide guztiak indartzeko unea heldu da, sistema publikoa defendatzeko, instituzioak demokratizatzeko, eta herritarrak erabaki guztien parte bilakatzeko. Gure ama lurra babestu beharra dugu eta gizartea eraldatu, onartuta demokrazia ez dela benetakoa izango emakume eta gizon guztiak eskubideetan berdinak izan arte, eta horretarako egiturazko desberdintasunak gaindituko dituen itun sozial berria behar dugu.
Gero eta eskubide gehiago urratzen dituzte herritarren zerbitzura egon beharko liratekeen horiek, pertsonen etxeak desjabetzea baimentzen dituztenak bankuak erreskatatzen dituzten bitartean, inolako kontrolik gabe eta diru-goseak gidatuta porrot egin duten arren. Egoerak okerrera egingo du, Espainiako Erresumako, EAEko eta Nafarroako gobernuen gaitasunik eza erakutsi dutelako, ez baitakite edota ez dira ausartzen pairatzen ari garen lapurretari aurre egiten. Horren aurrean, bada garaia gure herriak aurrera egin dezala; gehiengoa izateko antola gaitezen. Egoeraren araberako krisialdian murgilduta gaudela esaten digute, baina jakin badakigu krisi sistemikoa dela aurrean duguna, ezkerretik irtenbideak eta konponbideak daudela erakutsita. Eredu ekonomiko eta sozial berria eraikitzeko norabidean doazen konponbideak behar ditugu, ekonomia politikaren gainetik jarriko ez duen eredua, dirua pertsonen gainetik jarriko ez duena; laburbilduz, herritarren bizitza duina erdigunean jarriko duen sistema, kapitalaren hazkundearen gainetik.
Horregatik, Euskal Herrian, euskal herritarrengan eta ezker subiranistarengan konfiantza osoa dugulako, Alternatibatik urrats berria egiten dugu euskal ezker sendoa eta konfrontatzailea eraikitzeko bidean, herri eta pertsona gisa menpean izan nahi gaituztenei aski dela esateko. Hauteskunde hauetan, eta bizi dugun garaian, inolako ideiarik gabeko gobernuarekin, inoiz baino beharrezkoagoa da gure artean antolatu, koordinatu eta borrokatzea menpekotasun forma guztien aurka eta fronte guztietatik. Aspalditik diogu herri honetako indar ezkertiarrek bat eginda ez dutela gainditu ezinezko oztoporik. Boteretsuak gogaitu egiten ditugula jakitun gara, gure salaketa, erantzun eta proposamenek krisiarekin irabazten dituztenen traba direla, haien pribilejioetatik egunero milaka lagunen bizitzak nola hondatzen diren ikustearekin gozatzen duten horiek dira.
Babesten dugun koalizioa, subiranisten eta independentista ezkertiarren batasuna, testuinguru historikoan jaio da. Herri honetako ezkerrak abiatu duen aldebakarreko bideagatik da historikoa, erkidegoetako zein Madrilgo gobernuen geldotasunaren eta eskubide ukapenen gainetik; Sorturen legez kanporatzearen eta botoek ematen ez dieten zilegitasunaren bila zentsua manipulatu nahi dutenen gainetik.
Borrokarako prest dagoen ezkerra herritarren arazoei erantzuteko gai izan behar da, ezkerreko horizontea galdu gabe, gizarte sozialistaren helburua alegia. Grezian Syrizak bidea seinalatu duen bezala, Euskal Herrian koalizio honi dagokio herritarren grina eta gogoari erantzutea.