Alternatibako bozeramaileak, Oskar Matutek, euskal patronalaren asmoak salatu ditu gaur, “are gehiago” baldintzatu nahi dituelako Eusko Jaurlaritza bezalako erakundeen politikak, “murrizketa berriak, eskubideen urraketa berriak eta pribatizazioak eskatuta”. Hala birpasatu ditu Confebaskek atzo aurkeztutako proposamenak, Lakuari, agintean Patxi Lopez egonda zein udazkeneko balizko bozen ostean etor daitekeenari, enpresa publikoen pribatizazioa eta enpresen gaineko presio fiskala arintzea, besteak beste.
Alternatibatik iradokizun bat helarazi nahi izan diote patronalari, “politika neoliberalak haien menpe, txotxongiloen modura, dituzten PP, PNV eta PSEren esku utz ditzatela, haien interesen arabera beti jokatu izan baitute”. EAEko enpresaburuen ordezkariek plazaratutako eskaerak aztertuz, Matutek galdegin die ea “zertan desberdintzen diren hamarkadotan hiru alderdi horiek hartu izan dituzten neurriekin: urteak dira enpresa publikoak pribatizatu, Sozietate Zergaren jaitsierak eman, enpresei gero eta botere gehiago lagatzen dizkieten lan erreformak onartu eta krisia zein defizitaren aitzakiarekin zerbitzu publikoetan murrizketak egiten direnetik; alegia, denbora luzea daramagu haien errezetak aplikatzen, eta jakin badakigu zer nolako egoeran utzi gaituzten”.
Zerga politiken gaineko eztabaidari dagokionez, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak Iberdrolarekin gertatukoa gogorarazi nahi izan du, “euskal enpresa eredugarritzat duten arren, berrikuntza, internazionalizazioa eta kudeaketari dagokionez; bada, asteon jakin dugu Sozietate Zergan izandako pizgarri eta kenkariengatik 2009an eta 2010ean Bizkaian %0ko zergak ordaindu zituela”. Confebaskek eskatzen duenaren kontra, Alternatibak justizian oinarritutako zerga politika exijitu du, progresiboa eta bidezkoa, gehien dutenei gehiago eskatuko diena zerbitzu publikoak garairik latzenetan ere indartu ahal izateko. Gainera, krisiaren eta gainbeheran dauden enpresen aitzakia baztertu du Alternatibak, Sozietate Zerga mozkinak dituzten enpresek bakarrik ordaintzen dutela gogorarazita.
Matutek azpimarratu du, halaber, politika hauek ezarri izan diren urteetan “herritarren eta pribilegiatuen arteko amildegia gero eta handiagoa bilakatu dute, aberastasunaren banaketa gero eta bidegabeagoa egin izan delako”. Hala, ondasunaren tartan langileen soldatek osatzen dutena txikiagotuz doa kapitalaren errentek gero eta zati handiagoa hartzen duten bitartean. Guzti horregatik, Alternatibatik “lotsagarria” iritzi diote “gero eta gehiago irabazten dutenei, sortu duten krisiaren ondorioen gainetik, erakundeei eta herritarrei ahalegin handiagoak” eskatzeari, “aberasten jarraitzen duten bitartean eta ahalik eta zerga gutxien ordaintzeko moduak bilatzen dituztela”.