Azken bi urteotan, Grezian austeritate neurririk zorrotzenak eta murrizketa sozial sistemikoak ezarri dira, Greziako herria erreskatatzeko merkatuek eta Europako troikak jarritako baldintzen ondorioz. Neurriokin Grezia bizi duen krisi larritik irtengo zela, zerga-politikan aldaketa ekarriko zuela eta zorra ordaintzeko eraginkorra izango dela adierazi ziguten.
Hala ere, emaitzek ez diote hori, neurriek erabateko porrota izan direlako: herritar xumeen pobrezia ekarri dute, Greziako herritarren bizi-baldintzak kaskartzea eta enplegua deuseztea, langabezia tasak marka guztiak hautsi dituelako %21arekin.
Horregatik guztiagatik, eta ekainaren 17an Greziako herriak hautes-ontziekin hitzordua daukala kontuan izanda, Euskal Herria Bilduk bere babesa azaldu nahi die Syriza-ri eta erreskatearen akordioa zalantzan jarri eta nazioarteko finantza botereek bahituta duten burujabetza nazionala greziarrei itzuli nahi dien eta hori bernegoziatzea nahi duten Greziako ezkerreko alderdiei. Krisi sistemikoaren erantzuleek sinetsarazi nahi digute euroaren etorkizuna jokatzen dela Grezian, baina egiaz jokoan dagoena da herrien burujabetza eta herritarren erabakitzeko gaitasuna, bai Greziakoa eta bai Europakoena.
Syrizak eta ezkerreko indarrek burujabetza nazionalaren alde eta inposatutako memorandumak indargabetzako eta bernegoziatzeko egiten duten apustua eta Europa neoliberalari egiten dioten oposizioa eta Europa barrutik eraldatzeko egiten duten proposamena babesten ditugu. Neoliberalismoarekin amaitu eta herrien Europa sozialaren alde egingo duten hitzarmen berrien aldeko apustua egiten dugu, pertsonen eta herrien eskubideak merkatuen eta diruaren gainetik jarriko dituztenak.
Era berean, elkartasun internazionalistagatik ere azaltzen diegu gure babesa Syrizari eta Greziako herritarrei, Europ finantza-oligarkiaren eta horren inposizio tresnen kontrako eta Euopako gehiengo sozialaren alde Europako herriek egiten duten borroka delako Grezian jokoan ari dena.
Ezin esan borroka hori berdintasunean oinarritzen denik; Syrizak hauteskundeak irabaz ditzakeela eta, Europako Batasuna eta finantza-botereak ahaleginak eta bi egin dituzte greziarren erabakian eragiteko, eta ez dute zalantzarik izan txantaiak eta diskurtso alarmistak egiteko. Hala, Greziako herritarrei egin zaien presio zuzen eta zekenak agerian utzi du Europa osoan ezarri nahi duten sasidemokrazia.
Horregatik guztiarengatik, Euskal Herria Bildun elkartzen diren Euskal Herriko herritar ezkertiarrok Greziako herriaren duintasunaren alde egiten dugu, jendarte bidezko eta solidarioagoa bilatzeko egiten ari diren ahalegin parketatuaren alde egiten dugu. Horregatik, Syrizaren eta Greziako ezkerreko beste alderdien alde egiten dugu.