Euskal Herria Bildu koalizioa bereziki kezkatuta azaltzen da bizi dugun krisi sistemikoak Bizkaian eragin dituen ondorioengatik eta EAJren Bizkaiko Diputazioa krisia kudeatzen ari den modu arduragabearekin. Baina EH Bildu sinetsita dago krisi honek baduela irtenbidea, Bizkaian ere bai, eta irtenbide hori burujabetzan eta eraldaketa sozialean oinarritu behar dela. Horregatik, ‘Bizkaian irtenbidea badugu’ kanpaina jarriko dugu abian, eta horren barruan hainbat bilera egingo ditugu herrialdeko eragile politiko, sozial eta ekonomikoekin. Bilerotan, gure proposamena helaraziko diegu eragileei, eta haien ekarpenak jasoko ditugu, gure proposamena osatzeko eta hobetzeko.
Europak eta Euskal Herriak bizi dugun krisi sistemikoak inon eraginik badu, hori Bizkaian da. EAJk gidatzen duen Diputazioak zintzo jarraitu die Europatik eta Espainiako Gobernu desberdinetatikdatozen neurriei. Hau da, defizit publikoa eusteko politikak lehenetsi ditu, austeritaterako neurri zorrotzak hartuta, eta horrek eragin zuzen-zuzena izan du herritarren bizi baldintzetan, batez ere aurretik ere egoera kaskarrean zeudenen artean.
Bizkaian, Euskal Herriko beste herrialdeetan bezala, egoera ekonomiko eta soziala oso kezkagarria da, eta dramatikoa ere bai zenbait kasutan. Langabezia-tasa %15,2koa da, eta EAEko batez bestekoaren gainetik dago (%12,1). Ezkerraldearen kasua oraindik ere larriagoa da, langabezia-tasa %20 ingurukoa baita. Langabeen kopurua 90.000tik gorakoa da jada gure herrialdean.
Era berean, aurtengo lehen hiru hilabeteetan nabarmen egin du gora aurkeztutako lan erregulazioen espedienteen kopuruak. Martxora bitartean, 329 ziren baimendutako espedienteak; horiek 4.602 langileri eragin diete. Eta CEBEK Bizkaiko patronalak 9.400 lanpostu deuseztea aurreikusi du krisiaren aitzakiapean.
Langabezia kopuru horrek ekarri du Bizkaiko jendarteko txirotasun tasak inoizko handienak izatea. 38.000 pertsonatik gora dira oinarrizko errenta jasotzen dutenak eta 12.000tik gora etxebizitzarako osagarria jasotzen dutenak.
Arlo sozialean hain kezkarria den egoera honen aurrean, EAJren Bizkaiko Diputazioak, Madrilgo gobernuan PPk eta aurretik PSOEk zein Jaurlaritzan ezarritako neurrien bideari jarraituz, krisitik irteteko eta horren ondorioak leuntzeko inolaz ere baliagarriak izango ez diren politikak lehenetsi ditu. Horren lekuko da 2.436 familia geratu direla prestazio sozialak jaso gabe, beraien espedientea “galdu” egin zelako Bizkaiko Diputazioak kudeatzen dituen zerbitzu sozialak erabili ahal izateko tramitetan ari zirela. Bizirauteko eta hilabete amaierara iritsi ahal izateko foru zerbitzuak behar dituzten pertsonak artatzeko, bi hilabeteko itxaronaldia dago. Eta prestazio epeak ere galtzen dira, edozein dokumentu aurkeztu ahal izateko aldez aurretik hitzordua eskatu beharra dagoelako.
Datu erabat kezkagarri horien aurrean, inolako zalantzarik gabe esan dezakegu Bizkaiko Diputazioan EAJk ezarri duen ereduak porrot egin duela; EAJk, PPren eta PSOEren politikei jarraiki, krisia kudeatzeko indarrean jarri dituen neurri antisozialek ez diete behar bezala erantzun krisiak eragindako errealitateari eta herritarrek bizi dituzten arazoei. EAJk hainbeste loratzen duen politika egiteko ereduak porrot egin du.
Bizkaiko mapa sozial dramatiko eta negargarri honen aurrean, aurreko astean ezagutu genuen politika egiteko EAJ ereduaren oinarria eta zergatia: 2009an eta 2010ean Iberdrola enpresak ez zuen sozietate zergarik ordaindu Bizkaian, urtero 2.800 milioi euroko irabaziak izan arren. Jose Luis Bilbao diputatu nagusia ahalegindu zen baloiak aldentzen, Iberdrolak Bizkaiko Diputazioaren araudi fiskalik ez zuela jarraitu urte horietan esaten, eta beraz, Bizkaiak kenkaririk ez ziola ezarri esaten. Hau da, Madrili, PPri eta PSOEri, leporatu nahi izan zien errua. Baina Bilbaok ez duena esaten da EAJk PPrekin eta PSErekin adostu duela politika fiskala Bizkaian azkenengo urte luzeetan, eta bi alderdi horien babesarekin zerga politikan egin dituzten aldaketen ondorioz, 1997tik errentarik altuenek %11 gutxiago tributatzen dutela herrialdean. Larria da, halaber, Ogasun Diputatu Iruarrizaga jaunak honen harira egunotan esandakoa, oker egin izan duten gauza bakarra tributazioaren berri ematea izan dela alegia. Ezkutatu beharreko fiskalitatearena da EAJren eredua.
EAJk ezarritako politiken ondorioz, Bizkaia pagotxa fiskala da enpresa handi eta errenta altuak dituztenentzat. Eta baita azpiegitura eraikitzaile handientzat, zerga politiketan ezarri diren murrizketen ondorioz diru-sarrerak murriztu diren arren, Diputazioak apustu garbia egin duelako erabilera sozial zalantzagarria duten azpiegitura handien alde. Supersurra dugu horren adibiderik argiena. 821 milioi euroko inbertsioa egin zuen Diputazioak, Bizkaiaren etorkizuna hipotekatuz, eta errepide berriaren erabilera aurreikusitakoaren erdia da. Politika egiteko EAJ ereduaren azkenaurreko porrota, beste behin.
Horregatik guztiagatik, krisi honek izango duen irtenbidea ez da etorriko EAJren Bizkaiko Diputazioak ezarritako neurrietatik. Krisi honen irtenbidea etorriko da burujabetzatik eta eraldaketa sozialetik. EH Bilduk azpimarratu nahi dugu krisiaren eta instituzioen beste kudeaketa eredu bat posible dela. Justizia sozialean oinarritutako kudeaketa eredua. Burujabetza da egoera hau gainditzeko eta etorkizunera begira egongo den gizartea eraikitzeko gure tresna, indarrean dagoen eredu politikoa, instituzionala eta sozioekonomikoa aldatzeko gaitasuna eskaintzen duelako eta eraldaketa soziala erdiesteko eskaintzen duen aukerarengatik, bizkaitarren gehiengoak aldarrikatzen duena.