Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek Auzitegi Konstituzionalak hainbat hedabideei jakinarazitako Sorturen legeztatzea ospatu du gaur, “oso berandu” heldu den arren: “bederatzi urte berandu, alderdiak legez kanporatzen hasi zirenetik; urte eta erdi berandu Sortu aurkeztu zenetik eta urtebete berandu herritarrek alderdia, hasieratik bakearen eta konponbide demokratikoen aldeko apustua egiten zuen alderdia, de facto legeztatu zutenetik”. Gauzak horrela, Matutek ziurtatu du ilegalizazioa “gure herriaren sektore sozial eta politiko jakin baten kontrako mendekuan baino ez zela oinarritzen, Euskal Herriaren normalizazioa eta bizikidetza lortzeko ezinbestekoa den sektorearen kontra beraz”.
Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak zabalik dauden prozesu politiko guztien amaiera eskatu du, Espainiako Erresumako Gobernuari horretarako dei zuzena egin diola “egiteke dauden edo bidegabekeriaz ebatsi diren epaiketen amaiera eskatzen diegu”. Ildo horretatik, D3M eta Askatasunako auzipetuen absoluzioa edota gaur jakinarazitako erabakia, “norabide egokian doazen urratsak dira, baina ezin dugu ahaztu zabalik dirautela bestelako prozesu erabat politikoak, Bateragune deritzona kasu, Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Rafa Diez eta Miren Zabaleta preso mantentzen dituenak”. Horrexegatik, Matutek “oraindik martxan dauden prozesu politiko guztien amaiera eta pertsona guztientzako eskubide sozial, zibil zein politiko guztiekiko errespetua” exijitu du, “horietako asko eta asko urratuak ikusten dituzten presoen eskubideak barne”.
Alternatibatik gogorarazi dutenez, “askok oztopoak jarri arren konponbidean dagoen gatazka gainditzeko urratsak honekiko zerikusia duten eragile guztiek eman behar dituzte bakea eta normalizazioa” lortze aldera. Azkenik, Matutek azpimarratu du “anakronismoa demokratikoa” dela ideiak legez kanpo uztea, are gehiago “indarkeriak eta mehatxuak desagertu direnean eta gizartea bakean eta askatasunean oinarritutako etorkizunean pentsatzen ari denean.