Euskal Herria Bilduko ordezkariok azken hileotan herritarrei aurkeztutako proposamen sozioekonomikoaren ondoren, Gipuzkoan aurrera eraman dugun gizarteratze eta parte-hartze prozesua jendaurrean baloratu nahi dugu.
Gure proposamena zehatza eta argia da, herritar guztiok pairatzen, baina sektore kalteberek zuzenean sufritzen duten krisi sistemikoari konponbideak azaltzen dizkion proposamena da hain zuzen. Begi aurrean dugun egoera latza da, eta are gehiago laztuko da Europar Batasunak espainiar sistema finantzarioa “erreskatatu” duenean eta Estatu espainarraren interbentzioa iristear dagoenean, Mariano Rajoy eta PPko bere lagunek besterik esaten duten arren. Guzti honek ondorioak izango ditu: murrizketa sozialak eta gizarte eta lan eskubideei mugak gure herria subiranotasuna galtzen duelako, bere erakundeak kudeatzaile huts bihurtzen ari baitira.
Guzti honen aurrean PPk, PSOEk eta PNVk gobernatzen dituzten instituzioak entzungor daude, gizartearen onurarako neurririk aurkeztu ezin dabiltzala eta bankuek eta enpresa handiek osatzen duten merkatuen interesei men egiten.
Azken hileotan herriz herri aurkeztu dugun alternatiba sozioekonomiko honek gure ustez funtsezkoak diren 6 neurri handi eskaintzen ditu, egungo esparru sozioekonomikoa gainditu, eta beste modelo ezberdin batera igarotzeko beharrezkoak.
6 neurri horietan lehenengoa zerga erreforma sakon eta bidezkoa gauzatzea da, azpiegitura erraldoiak aldi baterako etenaz. Izan ere egun, herritarrek azpiegitura hauek eraikitzea baino kezka eta arazko askoz erraldoiagoak dituzte. Bi neurri hauek, zerga erreformari esker lortuko den diru bilketa zabalagoarekin batera, egoera ekonomiko larria kudeatzeko lain baliabide ekonomiko utziko lizkieke erakundeei.
Baliabideon helmuga sektore publikoa dela ulertzen dugu guk. Gizarte gastuan eta zerbitzu publikoetan inbertitu nahi dugu, modu honetan 3 esparru ezberdinetan inbertitzen baitugu; ekonomian, gizarte ongizatean eta bizimodu duinaren erdiespenean.
Proposatu dugun laugarren neurria Ikerketa, Garapena eta Berrikuntzan (i+g+b) aurrera egiteko funts zehatz bat eratzea da, horrela gure ekoizpen-ehuna berriztu, onbideratu eta dibertsifikatzeko gai izango gara.
Era berean, eskualde bakoitzak behar duen berezko garapen ereduari buruzko eztabaida sustatu nahi dugu, uste baitugu hauek direla lekuan lekuko aukerei kirrua ateratzeko nukleoak.
Azkenik, eta espainiar estatuan, finantza arloan eman diren azken gertaerak ikusita berebiziko garrantzia duen puntua; Euskal banku publikoaren eratzea, herritarren onurarako eta lana sustatzeko gai izango diren sektore estrategikoetan inbertituko duen bankua, hain zuzen.
Hauexek dira gizarteratu dugun proposamenaren ardatz nagusiak. Edonork, hala norbanakoak nola gizarte eragileek beroni ekarpenak egiteko aukera izan du. Eta horrela gertatu da. Pozarren esan dezakegu aldez aurretik bagenekiena; herritarrek gai hauen inguruan gogoeta egin eta eztabaidatzeko gogo sutsua dutela, izan ere, bakoitzaren egunerokotasunean eragin zuzena baitute.
Gizarte eragile zein gizabanakook egindako ekarpenak oso interesgarriak izan dira, egun-eguneko errealitatetik sortu baitira ekarpenok; plazatik, kaletik sortuak, instituzioetako bulegotan hartzen diren erabakiak pairatzen dituztenen talaiatik hain zuzen. Honek politika egiteko beste modu bat martxan jartzeko dugun ideia berresten du, orain arte herritarrei bizkarra emanda hartutako erabakietatik urrun. Jarrera honen aurrean, Euskal Herria Bildutik ziur gaude alternatiba posible bakarra gizartearen eskutik eta ahotik datorrena dela.
Eta ziurtasun honek eraman gintuen 8 udalerritan hitzaldiak eta mahai-inguruak antolatzera, 8 eskualdetako hiribilduetan, 500 lagunetik gora izanik entzule. Topaketa hauen ezaugarri berezi eta pozgarriena parte hartzea izan da, lekuan lekuko errealitatearekin zerikusia duten ekarpen zehatzak helarazi dizkigun parte hartzea, gure proposamena osatu eta aberasteen lagunduko dizkiguten ekarpenak, zalantzarik gabe.
Garaiotan helarazi nahi diguten mezua herritarrak gogorik gabe daudela da, desmotibatuak. Baina geuretik ezeztatu ahal izan dugu ideia faltsu hau, inongo fundamenturik ez duena, izan ere, jendeak inoiz baino gogo gehiago du egunerokotasunean parte hartzeko, politikan aktiboki jokatzeko eta inguruan gertatzen dena aldarazteko.
Sektore ezberdinetako eragileekin antolatu ditugun lan taldeetan ere grina hori konprobatu ahal izan dugu. Bilera hauetan gure proposamenean azaltzen diren etxebizitza, feminismoa, elkartasuna, nazioartekotasuna… bezalako gai ezberdinak sakontzeko beta izan dugu, eta esperientziak denoi on egin digu.
Gipuzkoarrei esker garatu dugun lana goraipatu nahi dugu, eskerrak eman gipuzkoar bakoitzari eta guztiei, eta ekarpen baliotsu hauek proposamenean txertatuko ditugu, gure esku dagoen heinean hauek paperetik atera eta errealitate bihurtzeko. Horratx gure konpromisoa gipuzkoarrekiko. Eskerrik asko!