Egun gutxi barru, EAJk, PSEk eta PPk Juan Karlos Alduntzin Gipuzkoako Ingurumen diputatuaren aurkako zentsura mozioa onartuko dute. Honen aurrean, EH Bildu koalizioa osatzen dugunok ez ginela geldirik geratuko iragarri genuen eta, gaurko agerraldi honen bitartez, oposizioak blokean hartu duen bide horren aurrean gure desadostasuna agertzeaz gain, hiru alderdi horien jarrera salatzeko mobilizazio bat deituko dugu.
Ezer baino lehen komeni da gogoaraztea nola iritsi garen zentsura mozio honetara. Oposizioak, orain dela oso aste gutxi arte, Gipuzkoa geldirik zegoela zioen, Diputazioa ez zela Gipuzkoako arazoei konponbidea aurkitzeko gai eta abar eta abar. Baina hondakinekin dugun arazoa behingoz konpontzeko gai den plan integrala mahai gainean jarri denean, orduan hasi dira urduritasunak eta kontraesanak eta, ondoren, inoiz inon ikusi ez den ekimen bateratu bat abiatu dute EAJk, PSEk eta PPk: diputatu baten aurkako zentsura mozioa.
Zer proposatzen du bada plan horrek, bere aurkezpenak horrelako ezinegona sortarazleko oposizioan? Hitz gutxitan laburbilduz, konponbidea dugu esku artean, eta, gainera, 200 miloi euro gutxiago kostatuko da, erdia alajaina, eta Europako ebazpenetan oinarritzen da, hau da, birziklatzean, eta ez hondakinen errausketan. Horixe da gakoa: plan hau oso egingarria eta errealista da, ez da utopikoa. EAJ, PSE eta PP laster jabetu dira planaren potentzialtasunaz eta hori ezkutatzeko, zarataka eta espantuka hasi dira, benetako eztabaidari ihes egiteko.
Errauste plantak ez zeukala alternatibarik esan eta esan ibili dira Gipuzkoan azken hilabetetan. Baina erakutsi digute baietz, badagoela beste aukera ekologikoagoa eta eramangarriagoa, eta gaur egun Zubietan errauste planta bat eraikitzea zentzugabekeria galanta dela. Alde batetik, gipuzkoarrok ez dugulako gaur gaurkoz horrelako azpiegiturak behar dituen adina hondakinik ekoizten. Martxan hasi bezain pronto hondakinak inportatzen hasi beharko litzateke. Bizkaiko Zabalgarbi errauste planta jada egoera horretan dago, eta EH Bildu ez dago prest horretarako, inondik inora.
Beste aldetik, Europako ebazpenak daude. Jakina den bezala, 2020 baino lehenago birziklatu daiteken guztia birziklatu behar da, eta ezingo dira erraustu ez eta isuri. Hori denok argi badaukagu, eta, ondorioz, errefusa erretzeko errauste planta planteatzeak, zentzugabekeria baino, gipuzkoarrei iruzurra egitea da.
Beraz, argi dago errauste plantaren eraikuntzaren atzetik beste interes ekonomiko eta politiko batzuk daudela. Lobby ekonomikoa eta EAJ, PSE eta PP gipuzkoarren interesak alde batera uzten ari direla. Gaur zentsura mozioa da, baina argi dago hau ez dela ekimen isolatua. EH Bilduren aurkako estrategia komun batean kokatu behar da zentsura mozioa. EAJ, PSE eta PP hirukotearen asmoak argi daude: ezkerreko soberanista eta istaren aurkako fronte bat osatzea eta Gipuzkoan abian den aldaketa politiko eta soziala gelditzea.
Haatik, Gipuzkoan aldaketa politiko eta soziala sendotzen ari da. EH Bildu koalizio berriak politika egiteko beste era bat ekarri du, herritarrekin eta herritarrentzat. Euskal Herrian bizi dugun aro politiko berria osasuntsu dago Gipuzkoan, eta gure kaleetan bakera eta demokraziara doan bidean aurrerapausoak ematen ari gara etengabe. Baina EAJ, PP eta PSE oraindik ez dira aro berri honetara iritsi, iraganari lotuta jarraitzen dute, eta oraindik ez dira gai izan egoera politiko berri honetan kokatzeko.
Eta honetan guztian EAJren jarrera bereziki kezkagarria da. Azkeneko udal hauteskunde kanpainan, 2011an, “batu gaitezen” leloa erabili zuen, erabakitze eskubidearen aldeko batasuna aldarrikatuz. Urtebete geroago, ordea, badakigu zein den beraien lehentasuna: iraganeko status quo mantentzea, eta horretarako PSE eta PPrekin batu da. Gipuzkoan erabakitze eskubidearen inguruko gehiengo berriak osatzeko urratsak eman beharrean, herri honen hitza behin eta berriz ukatzen dutenekin batu da. Gaur Alduntzinen aurkako mozioa da, baina aste honetan, ikusi ere egin ez duten euskal presoei buruzko film bat zentsuratu zuten Donostiako udalean, berriro ere PP eta PSEren eskutik. EAJ edozeinekin paktatzeko gai da denak berdin jarrai dezan.
Eta zentsura moziora itzuliz, benetan neurriz kanpokoa dela nabarmendu behar dugu. Horrelako mozioak, lapurretak egin dituzten politikarientzat pentsatuta daude. Eta ezin da ukatu Gipuzkoan horrelako ekimena merezi izan duten bestelako kasuak egon direla, Bidegiren kudeaketa, adibidez. Baino ez EAJk, ez PPk eta ez PSEk ez dute horretarako beharrik sentitu, eta lehen aldiz zentsura mozio bat bere programa betetzen duen diputatu bati ezarriko diote.
Egoera honek herritarren artetik erantzun bat merezi du. Zentsura mozioa Batzar Nagusietan uztailak 6an tratatuko da, eta datu guztien arabera, aurrera aterako da. EH Bilduk Gipuzkoar guztiei dei egiten die hurrengo egunean, uztailak 7 larunbata, arratsaldeko 17:30etan Donostiako Boulebard-etik “Birziklatzeari zentsurarik ez; Gipuzkoa aldatzen ari gara” lelopean egingo den manifestazioan parte hartzeko.