Alternatibako bozeramaile Ana Etxartek gogorarazi du gaur “saltokiak jai egunetan irekitzeko ez beharrik ezta gogorik ez dutela euskal herritarrek, merkataritzaren inguruan Eusko Jaurlaritzak duela aste gutxi aurkeztu zuen ikerketak egiaztatu duenez; Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 10 etxebizitzatik ia 7k saltokiak jai egunetan irekitzearen aurka daudela esan baitute”, egungo legeak urtean zortzi egunez irekitzeko baimena ematen duen arren. Etxartek hala erantzun dio Alderdi Popularrak gidatutako Espainiako Gobernuak iragarritako lege aldaketari, dendak jai egunetan irekitzeko aukera hamar egunera zabaltzen duena eta astean ireki daitezkeen orduak 72tik 90 ordura zabaltzen dituenak. Hiri jakin batzuetarako egitasmoa da, Bilborako besteak beste.
Alternatibatik gogorarazi dutenez, mota honetako neurriek ezinezkoa egiten dute gizonen eta emakumeen artean ardurak partekatzea. Gainera, “beti saldu nahi izan digutenaren aurka, Madril bezalako erkidegoetako edota gertuago dugun Barakaldoko Megaparkeko esperientziek frogatu izan dute ordutegien erabateko malgutzeak lan baldintzak are gehiago kaskartu egiten dituela, emakumeenak bereziki”. Era berean, dinamizazioaz hitz egin arren, “izaera honetako arauek saltoki txikien desagerpena ekarriko lukete, auzoetakoak batez ere, krisia garai honetan gehien kaltetutakoak izaten ari baitira”.
Ildo beretik, eta Bilbo izanik turismoaren aitzakiapean neurri neoliberal hauek pairatuko dituen estatuko 14 hirietako bat, nabarmendu egin du “gero eta gehiago direla auzoetan egoerari aurre egin ezinik, krisiari batetik baina baita berdintzerik ez duten konkurrentziari, negozio txikiek porrot egiten dute eta gure auzoak basamortuetan eraldatzen ari dira”. Hala, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak salatu du Alderdi Popularraren egitasmoak sektorearen erabateko liberalizazioa dakarrela, “denda kate handien eta saltoki erraldoien neurrira egin dutelako, inondik inora herritarrengan pentsatuz eta, are gutxiago, merkataritza txikiaren mesederako”. Horrexegatik, euskal erakunde guztiei dei egin die, “eskura eta eskumenetan dituzten aukera guztiak balia ditzaten neurri hauek saiheste aldera”.