Alternatibak baikor hartu du ETAk bi komunikabideen bitartez gaur zabaldu duen adierazpenaren edukia, batez ere, “indarkeria behin betirako lagatzearen aldeko apustua eta bide beretik jarraitzeko konpromisoa berretsi duelako”. Hala adierazi du alderdi ezkertiarreko bozeramaileak testua aztertu ondoren. Ziurtatu duenez, “Alternatibak behin eta berriro errepikatu duen beharra berrestera dator adierazpena, gizarteak eskuratu behar duen protagonismoari dagokionez, eta eragile guztiek gatazkaren amaierari eta Euskal Herriaren normalizazioari begira eman beharreko urratsen” inguruan.
Ildo honetatik, Matutek nabarmendu eta “aurrerapausotzat” jo du ETAk berak aitortu izana “herritarrak bizi dugun gatazka politikoa konpontzeko giltza direla, prozesu honetako motor eta protagonista izan behar direla, edozein motatako tutelak desagerrarazita”. Edonola ere, kezka azaldu “arriskutsua” delako “Alderdi Popularrak eta Alderdi Sozialistak, eta Frantziako zein Espainiako Erresumako Gobernuek haien botere esparruetatik inolako urratsik ez egitea”.
Azkenik, Alternatibako bozeramaileak alde guztiek aurrera egin dezatela beharrezkotzat jo du, Aieteko adierazpena bere eginda, besteak beste, “herri honetako eragile politiko eta sozial gehienek sinatu eta milaka eta milaka lagun ezezagunen bultzada” izan duelako dagoeneko. Oztopoak oztopo, Matutek berriz ere esan du “inoiz baino aukera handiagoak direla indarkeriarik gabeko gizartea lortzeko, bakea nagusi izango duen herria eraikitzeko”.