Espainiak planteatu duen erreskatea hau da, banku eta kutxen erreskatea, Euskal Herrirako epe luzerako hipoteka izango dela salatu du gaur Gasteizen EH Bilduk. Andra Mari Zuriaren plazan, Vital Kutxaren aurrean egindako agerraldi batean antzeztu ditu erreskatearen ondorioak. Izan ere, Espainiako bankuen erreskateagatik arabar bakoitzak 1.500 euro ordaindu beharko ditu. Horri beste 300 euro gehitu behar zaio interesetan. Momentuz, 62.000 miloi euro dira baina 100.000 miloietara heldu daiteke.
Igor López de Munainek eta Iratxe López de Aberasturik eman dituzte azalpenak koalizioaren izenean. Benetako egoera eta neurriak ezkutatzen baldin badituzte ere, EH Bilduk somatzen du zer gerta daitekeen hurrengo asteoan. “Nazioarteko erakundeek bete beharreko baldintzak jarrko dituzte eta momentuz, aurreratu dute 10.000 miloi euro murriztuko dituztela Hezkuntzan eta Osasungintzan, 100.000 langile izango direla kaleratuak administrazio publikoetan, aparteko ordainsaria kenduko diete eta langabetuek gutxiago kobratuko dutela, pentsionistek ere bai. Horrez gain, sarrerak igo ahal izateko, Espainak BEZa igoko du, %21era”, diote.
Gauzak horrela, EH Bilduk “arabarrok eta orokorrean euskal herritarrok ez dugula zergatik ordaindu behar Espainiako finantza erakundeen espekulazioa, ezta PPren eta PSOEren kudeaketa txarra ere” aldarrikatu du. Izan ere, EAEk erreskateak sortutako zor publikoaren %6,24 ordaindu behar izatea ez dela zilegia dio koalizioak.
Halaber, EAJ-ren ardura egoera honetan azpimarratu nahi du EH Bilduk. “Sekulan ez da murrizketa hauen aurka azaldu eta horren alde bozkatu du Madrilen. Gogoratu beharra dago EAJk, PPrekin batera, sektore kritikoa kanpoan utzi zuela eta pribatizazioaren alde egin zuela, obra soziala deuseztatuz; azken finean, hona ekarri gaituen politika neoliberalen alde dagoelako, bere negozioen alde eta orain Kutxabank-ek ere erreskatearen dirua jasoko duela”, zehaztu dute.
Hau guztia kontuan hartuz, gutxi batzuen onerako gobernatzen dutela eta gu guztiok hipotekatu nahi gaituztela ozen esan du EH Bilduk. Horregatik, aldaketa bultzatu behar dela aldarrikatu nahi izan dute berriro. Horretarako, sektore publikoa, gastu soziala eta zerbitzu publikoen aldeko apustu argia egin du EH Bilduk eta subiranotasun osoa exijitu du Euskal Herriak eskatzen duenaren aurka gobernatzen dutelako.