“Murrizketarik ez. Burujabetza ekonomikoa” lelopean Euskal Herria Bildu koalizioak datorren larunbaterako deituriko mobilizazioaren harira ELA sindikatuak kaleraturiko oharraren inguruan, honakoa adierazi nahi dugu:
Gobernu espainiarrak hartu dituen neurriek sortu duten egoera larri eta ezinegon orokortuaren aurrean, murrizketen aurkako eta burujabetza ekonomikoa aldarrikatzeko pertsona eta kolektibo orok mobilizaziorako eskubidea dutela adierazi nahi dugu.
Era berean, adierazi nahi dugu errespetatzen dugula ELAren jarrera, baina ez gaudela ados hartu duen jokabidea eta erabakiarekin. Halaber, aldarrikatu nahi dugu esparru sozial eta sindikala ez direla inoren jabegokoak, baizik eta herri osoarenak direla. Herri osoarenak diren bezala bestelako esparruak, besteak beste, erakundeak eta kaleak.
ELA sindikatuak eremu sindikal eta sozialera mugatzen du Gobernu espainiarraren neurri ekonomiko eta sozialei erantzuteko ardura, indar politikoon eragin eremua instituzioetara mugatuz. Irakurketa erratua da hori EH Bilduren iritziz. Guztion ardura da, sindikatuena, alderdiena eta eragile sozialena, emergentziazko egoera honetan, erantzutea eta alternatibak plazaratzea.
Honela bada, Euskal Herria Bildu koalizioak eremu guztietan egingo du euskal herritarren eskubide guztien defentsa, bai kalean eta bai instituzioetan eta horretarako prest dauden eragile guztiekin egingo du, ELA barne, ulertzen baitugu gu guztion eskuak beharrezkoak izango direla estatu golpe ekonomiko honi aurre egiteko. Ez dago inor soberan, eta ez gara inor inoren parte hartzea mugatu edo baldintzatzeko.
Bukatzeko, euskal herritar guztiei deia luzatzen diogu uztailak 21, larunbata, Bilbon, “Murrizketarik Ez. Burujabetza Ekonomikoa” lelopean egingo dugun manifestazioan parte hartzera.