Egun batzuk lehenago iragarri zituzten arren, gaur astebete onartu zituen Mariano Raxoiren Espainiako Gobernuak pertsonen eskubide sozialen eta duintasunaren aurkako eraso bortitzenetako batzuk. Murrizketen itxuran heldu zaizkigun eraso horiei orain hilabete batzuk abian jarritakoak gaineratu behar dizkiegu, eta, ez dugu ahaztu behar, krisiaren etengabeko aitzakian aurreko gobernuek abian jarritakoak.
Euskal Herria Bildutik neurri horiek bata bestearen atzetik salatu ditugu, eta bide beretik jarraituko dugu erasoek darraiten bitartean. Onartutako neurri guztien helburua baita finantza merkatuen eta sistema kapitalistaren erreskatea gauzatzea. Horiek dira beraiek krisia deitzen duten horren sorburua, herritarrok argi dugulako horrek beste izen bat daukala: estafa. Madrilgo gobernuak, Alemaniako instituzioek eta batez ere bankak agindutakoaren aurrean makurtuta, eta Gasteizko gobernuaren erantzun epela tarteko, salbuespen egoera batean kokatu gaitu. Egoera horrek, baina, badu ondorio baikor bat: herritarrak ez dira eskuak gurutzatuta geratuko tamaina honetako zapalketaren aurrean.
Asteon, Alderdi Popularrak ezarritako murrizketa larrien aurkako dozenaka protesta ekitaldi egin dira Euskal Herriko herri, plaza eta lantokietan. Merkatuen agindupean egin diren eskubide urraketen aurkako jarrera agertu duten milaka gizon eta emakume kalera atera dira bai Euskal Herrian eta bai Espainiako estatuan. Eta atzo bertan, greba orokorrera deituak izan ginen Hego Euskal Herrian; aurtengo bigarren greba orokorra izango da, gainera. 8 sindikatu eta ia ehun plataforma eta mugimendu sozial ados jarri dira, irailaren 26an gure herria geratzeko. EH Bilduk bat egiten du deialdi horrekin, eta bat egingo duten eragileak oraindik eta gehiago izango direnaren itxaropena du.
Era berean, herritarrek beren haserrea agertu ahal izateko koalizio honetatik biharko egiten dugun manifestazio nazionalerako deialdia berresten dugu. ‘Murrizketarik ez, burujabetza ekonomikoa” lelopean egingo den mobilizazioa Bilboko Jesusen Bihotzetik abiatuko da. Herritar orori manifestazio horretan parte hartzeko deia egiten diegu, guzti-guztion eskubideak eta duintasuna direlako jokoan daudenak eta guztiok batera elkarlanean arituta bakarrik lortuko dugulako erasoak geldiaraztea eta alternatibak eraikitzea.
Erakundeek, gizarte eragileek, sindikatuek, alderdi politikoek eta, nola ez, jendarteak egoera aldatzeko gaitasuna eta ardura dutela erantzuten die EH Bilduk mobilizazioak ez duela ezertarako balio esaten dutenei. Alternatiba egon badagoela sinisten dugunok baikoitzak bere alroan lan egiteko aukera dugu eta, ahal den guztietan, modu osagarrian, PPk inposatu nahi duen gizarte, ekonomia eta herri eredua gelditzeko. Bihar burujabetza ekonomikoa aldarrikatuko dugu gure herriarentzat, jakin badakigulako posible dela interes kolektiboak eta ez gutxi batzuen diru gosea defendituko dituen sistema eraikitzea. Bizirauteko edozein prezio ordaintzeko prest dagoen porrot egin duen kapitalismo bidegabearen aurrean, alternatiba sozioekonomiko sinesgarria, eraginkorra eta herritarra eraikitzeko, burujabetza aldarrikatzen dugu.
Euskal Herriko eta Espainiako eskuinak, EAJk, PPk, PSOEk eta UPNk osatzen duten laukoteak, sinestarazi nahi digute egoera honetara ekarri gaituzten politika berak direla gauden putzutik aterako gaituztenak. Eta halaxe sinesten dute, ez baitute nahi ezer aldatzea, daukaten guztia galtzeko beldur direlako; kapitalaren neurrira eta pertsonen kolkora egindako sistema defendatzen dutelako.
Eusteko borondatea daukagula erakutsi behar diegu, alternatibak ditugula, eta horiek abian jartzeko beharrezkoak diren tresnak aldarrikatzen jarraituko dugula. Bihar, larunbata, kalera atera behar gara guztiok; eta irailaren 26an, Hego Euskal Herria erabat geldituko dugu. Eta bien bitartean, zalantzarik gabe uda garai honetan helduko zaizkigun eroso berrien aurrean adi egongo gara.