Datorren ostegunean egingo diren euskal kutxen asambladak direla eta, ehbilduk gaurko egunez PP, PNV eta PSEk Kutxabak berehala pribatizatzeko asmoaz ohartarazi nahi dugu euskal jendarte osoa.
Ehbildutik euskal sistema finantzarioaren egoeraren larritasuna azpimarratu nahi dugu, eta neurri handi batean euskal eta espainiar eskuinak, Urkulluren PNV eta Rajoy-ren PPk adosturiko eta PSEk babesturiko Kutxen Legea dago larritasun horren oinarrian.
PNV eta PP alderdiek Kutxabank-en boterea banatzeko adostasuna lortu dute, Bildu alboratuz, eta horrela Kutxabank-en kontrol organoetan euskal jendartearen aniztasuna ezabatu dute. Euskal Kutxen Legeak udalak diskriminatzen ditu, batzarren osaketan ordezkaritza murriztuz eta instituzio publikoek batzarretan duten ordezkaritza ere %50etik %40ra jaitsiz.
Eta hau ez da integrazio kontratuan Bildurekin adostu zutena. Gogoratu beharra dago, halaber, Aralarrek kontra bozkatu zuela. Akordio horretan zera adostu zen, hiru euskal kutxen batzarrei zegokiela kapital pribatuari sarrera emateko erabakia. Orain, ordea, Espainiako Bankuaren erregulazioak, Luis de Guindos ministroaren eta PPren helburuek eta Kutxen Euskal Legeak eta ostegunean bozketara eramango diren estatutuek, euskal aurrezki kutxak pribatizatzeko asmoak indartzen dituzte.
Are gehiago, Europar Batasunak estatu espainiarrari laguntza finantzieroak jasotzeko kaleratutako “memorandum” batean zera jasotzen du, aurrezki kutxen eta bankuen banaketa dekretua ezarri behar duela azarorako, beraz, argi esan dezakegu, azaroan Kutxabank erabat pribatua izango dela. Zentzu honetan ulertzen dira azken boladan, kutxak fundazioak bilakatzeko emaniko urratsak.
PNVk PPrekin bat eginik, aurrezki kutxak banketxe pribatu bihurtzeko asmoa salatu behar dugu eta gizarte ekintzaren edo kapital publikoaren inolako arrastorik ez uztea. Euskal kutxak fundazio bihurtzeak bere sorrerako helburua alboratzea suposatuko du, gizarte ekintzaren desagerpena ekarriko du eta pribatizazioaren bideari ateak irekiko dizkio. Horretarako egin dute ituna PPk eta EAJk administrazio kontseiluan botere osoa eskuratzeko, beren eredu eta apustua Kutxabank-en etorkizuna esku pribatuetan uztea delako, eta horretan PSEk babesa adierazi die.
Ezin dugu onartu Kutxabank-en pribatizazioa. Herritarren zerbitzura egongo den eta planifikazio sozial eta ekonomikoa izango duen banka publikoa behar dugu, eta hori da gure aldarrikapena. Sistema finantzario publiko, garden eta demokratikoa behar dugu, gure herriko ehun industrial eta sozialaren beharretara egokituko dena. Krisi sistemikoa gainditzen lagunduko gaituen sistema finantzario publikoa defendatzen dugu.
Azken finean, honakoa aldarrikatzen du Euskal Herria Bilduk: bere funtzio soziala definituko duen entitate publikoa, banka komertzialaren rola gaindituz irizpide ekologiko eta sozialetan oinarrituko den inbertsio produktiboa erraztuko duen inbertsio banka bihurtuaz. Espekulazio finantzarioaren aldeko apustua egingo ez duena, inbertsio militarra eta megaproiektuei errefusatuko dituena. Funtzio sozial konkretuei eutsiko dien kutxa behar dugu: zaintza ekonomiaren lehentasunei prestamu eta inbertsio egokiak egingo dizkiona, kalitatezko enpleguaren sorrera bultzatuko duena eta aldaketa klimatikoaren aurka borrokatuko duena, elikadura burujabetza eta sektore zaurgarrienen kontsumoa babestuko duena. Azken finean, justizia soziala lehenetsiko duena eta demokrazia parte-hartzaile eta gardentasunaren printzipioengatik zuzenduko dena.