Euskal Herria Bilduk prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean Iosu Uribetxeberria preso gaixoaren berehalako askatasuna eskatzeko. Aralar-eko Josu Murgia, EA-ko Elena Gartzia, Alternatibako Oskar Matute eta Ezker Abertzaleko Maribi Ugarteburu agertu dira prentsa aurrean. Hona hemen prentsaurrekoan esandakoa:
Lehenik eta behin, Josu Uribetxebarriaren berehalako askatasuna berriro exijitu behar dugu. Bere egoera ezin da okerragoa izan. Ez dago inongo aitzakiarik ez askatzeko. Beste kasu batzuetan demostratua geratu da nola justiziaren mekanismoak berehala aktibatzen diren, baina kasu honetan, urgentea denean, ez. Justizia eta legea ez du berdin aplikatzen Estatu Espainolak kasu guztietan eta hori agerian dago.
Estatu espainolaren agintariak burokraziaren atzean gordetzen ari dira. Baina ez dute inor engainatzen, bere espetxe politika ankerrak eragin du Iosuren egoera larria. Espainiar Gobernua da azkeneko asteetan gertatzen ari denaren errudun bakarra.
Iosu Uribetxebarria, dagoen egoeran egonik, minbizi terminalaz gaixo eta 10 egunez gose greban, ordu bat ere gehiago ezin dute preso atxiki. Larrialdi humanitario baten aurrean gaude.
Iosu Uribetxebarria presoaren inguruan gertatu dena sekula ere gertatu behar ez zenaren kronika da. Sekula gehiago gaixorik den preso batekin gertatu behar ez dena. PPren gobernuak modurik krudelenean eta ulertezinenean muturrerainoko jolas makabroa egin du pertsona baten bizitzarekin, estatuko legalitateak berak dioenari bizkarra emanez. Talionen legea, mendekuaren legea, bihurtu dute estatuaren politikaren ardatz euskal preso politikoekiko, eta Iosu Uribetxebarriarekin gertatutakoa horren muturreko adibidea izan da.
Ezin da ahaztu duela 7 urte jada diagnostikatu ziotela minbizia lehenbiziko aldiz Uribetxebarriari, eta harrez gero modu irregularrean mantendu dutela preso, gaixotasun larriei buruz espetxe legediak berak dioena aintzat hartu gabe. Abuztuaren 1ean metastasia diagnostikatu izanak larritasuna maila gorenera eraman zuen, gaixotasunaren atzeraezintasuna eta hilzori egoera begi bistan utziz. Eta hala ere, beste 17 egun luze igaro dira, kasuaren larritasunak eskatzen zuen berehalako erantzun humanitarioari muzin eginda. Espainiako estatuak heriotzaren korridorean mantendu du Iosu, zuzenbide estatu batek izan beharko lukeen jokabidearen kontrakoa aplikatuz.
Sekula ere ailegatu behar ez zuen egoera horretan, Iosu bera gose greban sartu izanak larritasuna areagotu du. Osasunerako eta duintasunerako edozein gaixok daukan eskubidea erreklamatu du Iosuk, ez gehiago eta ez gutxiago.
Jendearen erantzuna eta mobilizazioa, zoritxarrez, funtsezkoak izan dira. Bestela Josuren kasua, beste askotan gertatzen den bezala, oharkabean pasatuko zen. Azken aste eta egunotan preso politikoen aldetik eta herritarren aldetik egon den elkartasun eta salaketa uholdea eredugarria izan dela deritzogu: modu baketsuan kalera atera da giza eskubideen errespetu mezua, Iosu eta gaixo diren beste 13 preso politikoak berehala aska ditzatela eskatuz.
Zoritxarrez, mobilizazio eta ekimen horiek guztiak egin ez balira, gaiak daukan larritasunaren kontzientzia nekez hedatuko zen egin den bezala, Euskal Herrian zein nazioartean. Zoritxarrez, herritarren mobilizaziorik gabe, behin eta berriro ikusten dugu PPren gobernua bakearen kontrako norabidean tematua dagoela, eta euskal preso politikoen eskubideen etengabeko urraketa darabilela, baita gaixo larrien kasuan ere.
Beste 13 euskal preso politiko gaixotasun larriekin daudela ezin dugu ahaztu. Salbuespenezko neurri anti-humanitarioa da pertsona horiek preso mantentzea. Espainiako gobernuak berehala aska ditzan etengabe jarraitu behar dugu eragile sozial eta politikoak eta herritarrak elkarrekin mobilizatzen, giza eskubide guztiak euskal herritar guztientzako bete daitezen. Ez dugu beste horrelako kasurik nahi.
Uribetxeberriaren inguruan pasa den abuztuaren 1etik hona gertatutako guztiaren baitan, aipagarria da EHBilduren ustez Euskal Herriko beste eragile politikoek jokatutako papera. PPk berriro ere erakutsi du bakearen kontrako abanderatua dela; sufrimenduaren apologia eta mendekuaren diskurtsoa astindu du. Jarrera hori, salagarria izateaz gain demokraziaren eta eskubideen ikuspegitik, gero eta ulertezinagoa da, bai Euskal Herrian, bai nazioartean.
Aipagarria eta txalogarria deritzogu PSFko Ipar Euskal Herriko bi diputatuek, Alaux eta Capdeviellek gaiarekiko lehen unetik erakutsitako engaiamendua, mobilizazio herritarrean parte hartuz eta barne ministroarekiko gestioak egingo dituztela aginduz.
Ordea, faltan bota dugu antzeko jarrera humanoa eta maila politikoa PSErengan eta EAJrengan.
Siglen gainetik, herri honetako kultura politiko guztiak izan beharko ginateke gai funtsezko gaietan oinarrizko akordioetara iritsi eta horien alde lan egiteko. Eta pertsona guztien oinarrizko eskubideen errespetua gai ardatza da, noski. Euskal Herrian bizi dugun egoera berriak politika konpromisoz eta maiuskulekin egitea eskatzen digu, fribolitateak alde batera utzita.
EHBilduk bat egiten du Herrira mugimenduak biharko egin duen urgentziazko deialdiarekin. Bihar 12:30ean Euskalduna jauregi aurrean batzeko deia egiten diegu giza eskubideen alde dagoen Euskal Herritar orori «Giza eskubide guztiak, euskal presoak Euskal Herrira» lelopean. Ordurako, Iosu Uribetxeberria Arrasaten edo harako bidean egon beharko luke. Hala bedi. Horrela bada, arnasa sakon hartuta eta indarberriturik eskatuko dugu beste 13 preso gaixo larrien berehalako askatasuna. Baita euskal preso politikoen zigor luzapena eta sakabanaketa bukatzea ere.