Alternatibak gaur azaldu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeak aurreratzeak “ateak zabaltzen dizkio Legebiltzar demokratikoari eta herri honetako ezkerreko indarren bat egitearekin etorriko den benetako aldaketa sozialari”.
Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek, gogorarazi du, hauteskunde deialdia aurreratuko ez zuela hainbestetan errepikatu ondoren, Patxi Lópezek azaldu egin beharko duela zergatik aldatu duen iritzia: “Hiritarrek informazio argi eta gardena eskatzen diote klase politikoari eta ez datuak ezkutatzea eta opakutasuna”.
Matuteren ustez, hauteskunde aurrerapen honekin, “Lópezek ezkutatu egin nahi ditu PPrekin elkar hartutako agintaldian aplikatu dituen politika neoliberalak eta egin dituen murrizketa sozialak. Baina Euskal Herrian urteak daramatzagu politika neoliberalak jasaten, egungo gainbehera ekonomikora eraman gaituzten eta porrot egin duten gobernuen eskutik”.
Horregatik, Alternatibako bozeramaileak argi esan du: “Bada garaia krisitik ateratzeko ezkerreko eredu baten aldeko apustua egitekoa, sistema kapitalistak eraman gaituen prekarietate egoera eta eskubide sozialen murrizketen aurrean dugun aukera bakarra delako”. Matuteren hitzetan, hauteskundeak aurreratzeak “ateak zabaltzen dizkio Legebiltzar benetan demokratikoa sortzeari, indar politiko guztiak ordezkatuta izango dituen Legebiltzarrari, eta baita herri honetako ezkerreko indarren bat egitearekin etorriko den benetako aldaketa sozialari”.