Alternatibako Mahai Feministako bozeramaile Begoña Vesgak Eusko Jaurlaritzak atzo hartutako erabakia salatu du, Jaizkibel konpainiari datorren larunbaterako alarderako prestatzeko entseguetan Jaizkibel konpainiak eskatutako ibilbidea debekatu baitzuen Herrizaingo Sailak: “Deitoragarria eta guztiz onartezina da pertsona guztien eskubideak babestu eta, horrexegatik, emakumeen kontrako bazterketa ekidin behar duten erakunde publikoek alarde publikoa eta parte-hartzailearen alde egiten dutenak marjinatu eta ikusezin bihurtzearen aldeko apustua egitea berriz”.
Alternatibatik gogorarazi dute iazkoan ere konpainia mistoari eraso egin ziotela Jaurlaritzarik, beren ohiko ibilbideko zatirik adierazgarrienetako bat zeharkatzea debekatu baitzioten. EAEko Auzitegi Gorenak, alabaina, auzitara jo zuen Jaizkibel konpainiaren alde egin zuen, garai hartan Rodolfo Aresek zuzentzen zuen Herrizaingo Sailak emandako agindua “arbitrarioa” zela ebatzita. Hori dela eta, “are larriagoa da berriro ere tankera bereko oztopoak jartzea”.
Vesgak bere erakundearen elkartasuna eta babesa agertu die alarde mistoa sustatzen dutenei, eta Eusko Jaurlaritzari galdegin dio “erasoei amaiera eman eta argitu dezatela zergatik eta noren esku ematen diren halako aginduak ordena publikoaren aitzakia antzuarekin( justiziak ere baztertu duena)”. Feminismo Mahaiko ordezkariak, halaber, Emakunderi ere eskatu dio Irun zein Hondarribiko alardeen auzian (ondo merezitako) sariak ematetik haratago joan dadila, iaz agindutakoa bete dezala aurten Jaizkibel konpainiak bere ohiko ibilbidea berreskura zezan bermatzeko lan egingo zuela iragarri baitzuen eta, batez ere, “emakumeei jai herrikoi eta publiko batean askatasunez parte-hartzea erakunde publiko batetik oztopatzen denean Jaurlaritzara erantzukizun eske joan” dadila.
Azkenik, Bidasoa aldean 15 urtetik gorako borroka egin duten lagun guztiak babestu ditu Vesgak, “jai demokratikoak, askeak eta bazterketarik gabekoak” aldarria zabaldu dutelako. Horregatik, “herritarrei beren konpromisoarekin alarde publikoak eta parekideak kalean babesteko deia” egin die.