Instituzioen egoera ekonomikoaren inguruko polemika artifiziala eta inolako oinarri errealik gabekoari eusten ari zaizkio egunotan PSE eta EAJ. Zalantzarik gabe, hauteskunde izaera daukan ika-mika baten aurrean gaude, erabat mediatikoa. Gainera, eztabaida antzua da, zenbait instituziok bizi duten egoera ekonomiko larriaz hitz egiteko asmorik ez dutelako azaltzen. Izan ere, oinarri-oinarrian dagoen arazoa da EAJk, PSEk eta PPk instituzioak kudeatzeko duten eredua.
EAJk, PSEk eta PPk indarrean jarri duten kudeaketa ereduak hainbat erakunde erabat zorpetzea ekarri du eta beste zenbaitzuk porrot ekonomiko egoeran utzi ditu. Horrekin zerikusi zuzena dute porlanaren politikarekin erabat lotuta dagoen kudeaketa ez-eraginkor eta ilunaren ondorioz xahutu diren diru kopuru izugarriak. Baina baita alderdi politiko horiek sustatu duten zerga politika atzerakoiak.
Izan ere, aurreko legealdiaren hasieran, krisiaren lehen zantzuak azaldu zirenean, hiru alderdiok hainbat erreforma fiskal jarri zituzten indarrean, progresibitatea murrizteko helburuarekin. Elkarteen gaineko zerga txikitu zuten, PFEZean hainbat aldaketa egin zituzten eta ondarearen gaineko zerga desagertarazi zuten. Hala, progresibitatea murriztu zuten; hau da, gehiago dutenek gehiago ordain dezala irizpidea, Urkulluk demagogia deitzen duen hori, alboratu egin zuten. Baina hori baino are garrantzitsuagoa da erreforma fiskal horiek ekarri zutela instituzioek diru gutxiago biltzea eta beraien altxortegia murriztea. Hori areagotu egin zen krisiaren lehen ondorioak agerian geratu zirenean. Hori horrela bada ere, EAJk erreforma fiskal serio eta sendorik egiteko beharrik ez du ikusten.
Diru xahutzearen eta gardentasun ezaren politikaren eta kudeaketa ereduaren aurrean gaude. Gasteizko gobernuaren diru-kontuen egoera zein den jakiteko, auditoria exijitzen ari da EAJ. Ez dugu orain zalantzan jarriko Lopezen gobernuak erakundea egoera ekonomiko larrian utzi duela, baina nola utzi zituen EAJk beste erakunde batzuk? Adibide batzuk jartzearren, Markel Olano Gipuzkoako Diputaziora heldu zenean, 300 milioi euroko superabita zeukan erakundeak. Lau urte beranduago, soberakinik ez zen ageri.
Udal kudeaketa ona egitearekin norbere burua loratzen duten horiek erabat lotsatu beharko lirateke hainbat udal nolako egoeran utzi zituzten ikusita: Agurain, Urduña, Beasain, Azkoitia, Lemoa, Getaria, Ondarroa… Gainera, egun ikaragarrizko zulo ekonomikoa eragiten duten Supersur edo BEC bezalako proiektuen bultzatzaile nagusia izan da EAJ. Baina, oraindik ere, azpiegitura erraldoien inguruko haunarketarik egin gabe jarraitzen du. Eta Bidegi? 900 milioiko zorrarekin utzi zuten enpresa publikoa. Hemen ez dute auditoriarik exijitzen?
Politika eta kudeaketa eredu horren ondorioz, hainbat udalerri zorpetuta eta zulo ekonomiko gordinenean murgilduta daude, hainbat azpiegitura erraldoik ez dute apenas zerbitzu eraginkorrik eskaintzen eta erabateko hondamendi ekonomikoa dira, Gipuzkoako Diputazioak ezin du inbertsio seriorik egin. Berriro diogu: zergatik ez ditu EAJk auditoriak eskatzen erakunde eta azpiegitura horientzat ere bai?
Gure herriko hainbat instituziotan indarrean izan den kudeaketa eredua da arazoaren muina. Horregatik, euskal instituzioetara aire freskoa ekarriko duen beste kudeaketa eredu bat proposatzen dugu Euskal Herria Bildutik. Kudeaketa eraginkor eta gardena, herritarren parte-hartzea bermatuko duena, gizartearen interesak lehenetsiko dituena eta ez enpresa eraikitzaile handienak eta banka pribatuarenak, era horretara azpiegitura erraldoien ereduarekin amaituz. Beraien interesak baino lehenesten ez dituen kasta politikoa sortzea eta aberastea saihestuko duen kudeaketa eredua, hain zuzen.
Eredu berri, garden eta eraginkor horren lehen izpiak ikusten ari gara Gipuzkoako Diputazioan. Aste honetan bertan jakin dugu iruzur fiskalaren kontrako borroka zorroztearen ondorioz, detektatu diren balizko iruzur kasuak bikoiztu egin direla.
Zentzu horretan, gizarte politikak eta zerbitzu sozialak mantendu ahal izateko instituzioen finantziazio egokia beharrezkoa dela aintzat izanda, neurri hauek proposatzen ditugu Euskal Herria Bildutik:
– Kudeaketa ez-eraginkorra edo gardentasunik gabekoa saihesteko, kontrolatzeko edo detektatzeko tresnak indarrean jartzea.
– Erreforma fiskala egin, diru-sarrera guztiak modu progresiboan bilduak izatea bermatzeko.
– Kudeaketaren eraginkortasuna areagotzeko, hainbat erreforma abian jarri, eta instituzioen arteko koordinazioa indartu.
Era berean, aurreratu nahi dizuegu neurri hauek osatuko dituzten hainbat proposamen zehatz aurkeztuko dituela Euskal Herria Bilduk hurrengo egunetan.
https://fbcdn-photos-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash4/394230_518811014802886_344805260_a.jpg
https://fbcdn-sphotos-g-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash4/327181_518811098136211_749714221_o.jpg
https://fbcdn-sphotos-c-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash3/582814_518811224802865_617995428_n.jpg
https://fbcdn-sphotos-b-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash3/644228_518811311469523_582022581_n.jpg
https://fbcdn-sphotos-f-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash3/534193_518811441469510_333597559_n.jpg