Araba, dagoeneko, ez dela zazpigarren alaba eta aldaketa sozial eta politikoan sakonduko duela aldarrikatu du EH Bilduk zerrendaren aurkezpenean. “Aldaketa gure esku dator, guztiok bozkatzeko aukera berdinak ditugunean Arabako mapa politikoa nagusiki ezkertiar eta abertzale agertzen zaigulako”, esan du Hasier Arraizek.
Lehengo aipamena Belen Arrondo zerrendaburuari eskaini diote indarrak har ditzan, gaur ezin izan baitu parte hartu ekitaldian gaixorik dagoelako eta bere ordez, Hasier Arraizek eta Eva Blancok hartu dute hitza.
Indarrak batzeko eta gauzak aldatzeko deia egin du Arraizek. “Desberdinen arteko indar bilketa egiten ari gara. Desberdinen indarrak bilduz, gauza desberdinak egiteko. Araban PP, PSE eta PNVk eredu sozial eta ekonomiko berbera dutela jakin badakigu. Haien ereduaren aurrean gurea da alternatiba bakarra”, azaldu du.
Blancok, bere aldetik, EH Bilduren eredua “lana eta bezeroak dituen Arregi bezalako empresa batetako berrehun eta berrogeitamar langile baino gehiago langabezira eraman dituena” ez dela izango gogoratu du. Halaber, kolazioa Garoñaren itxiera beti eskatu dutenek osatzen dutela azpimarratu du. “Orain, Garoña ixtea lortu dela ematen duenean, erronka berria dugu ingurumen arloan: frackingaren kontrakoa. Hor ere erreferente izan behar du Euskal Herria Bilduk, gainontzeko indar politikoek ez baitute inolako oztoporik jartzen gure baliabide naturalak errespetatzen ez dituen garapen ekonomikoari”, esan du Blancok.
Ildo horretan, EH Bilduren Araba “euskararena, gazteena, feminismoarena, ekologiarena eta justizia sozialarena” dela adierazi dute. Azkenik, Arraizen esanetan, EH BILDUri esker Euskal Herriak bakea eta normalizazio demokratikoa irabaziko ditu. “Euskal Herriak bakea behar duelako eta gure etorkizuna askatasunean erabaki nahi dugulako”, gehitu du hautagaiak.
“Aukerez eta mehatxuez betetako egoeran bizi gara. Bake aukerarekin batera langabezia, pobrezia eta gizarte bazterketaren mehatxuak. Guk burujabetza bestelako eredu sozial eta ekonomikoa eraikitzeko behar eta nahi dugu”, esan du. Indarrak batzeko eta eta gauzak aldatzeko deia eginez, amaitu dute ekitaldia.