PPren esku dagoen gobernu espainola herritarren kontra inoiz hartu diren murrizketa eta neurri ekonomiko larrienak inposatzen ari da boterean dagoenetik. Eta oraindik gehiago iragarri dituzte.
Europako botere ekonomiko eta finantzieroaren erabakiak gauzatzen ari da Raxoi, gure instituzio, langile, ikasle, pentsiodun, enpresa eta sare sozial guztiarengan eragin larriak sortu dituen politika neoliberaletan sakonduz etengabe. Urteetako lanaren eta borrokaren bidez lortutako eskubideak ezerezean uzten ari dira, gizartean pobrezia eta egoera larriak sortuz. Era berean, sektore publikoa desegiteko eta pribatizatzeko apustua egiten dute.
Guzti honen atzean dagoena salatu nahi dugu berriz ere, hau da, hartzen eta proposatzen ari diren neurriak: dela pentsioen erreforma, dela erreforma laboral ezberdinak, langile publikoen soldata jaitsiera edota BEZaren igoera, helburu bakarra dutela langile eta herritarrei eskubideak eta dirua lapurtzea merkatuen eta bankarien onura ziurtatzeko. Hori da burutzen ari direna, besterik ez. Murrizketek ez baitute inongo onura ekonomiko eta are gutxiago sozialik ekarriko. Alderantziz, hondamendira garamatzate, ekonomikoki eta sozialki.
Esparru instituzional ezberdinetan hautetsi eta arduradunak garen neurrian kezka berezia dugu guzti honek ekarriko duen politika propioak eta interbentzio instituzionala bideratzeko izango duen eraginagatik, eskumen eta ahalmen murrizketak ere inposatzen ari direlako, batez ere gure udaletan. Euskal Herriko udal eta egitura instituzional osoa, autonomia eta finantziazio ahalmenik gabe geratzeko arriskua dago.
Rajoy-ren gobernuak martxan jarritako neurriek sistema publikoaren txikizioa ekarriko dute. Administrazio publiko eraginkor baten aldeko hautua egin ordez, sistema publikoa eta beraren eragile diren langile eta herritarrentzat gero eta baliabide gutxiago daude. Zorraren gutxitzea aitzakitzat hartuta, sistema publikoa diruz eta aukeraz husten ari dira, eta krisiaren aurrean politika eta neurri propioak garatzeko ahalmen gabe utzi nahi dituzte gure oinarrizko instituzioak.
Gure herria eta herritarren etorkizuna kinka larrian jartzen duten erabaki hauen aurrean, eta ikuspuntu guztietatik kaltegarriak diren eta izango diren erabakiak gauzatzera behartu nahi gaituzte.
Horregatik, hautetsiak garen neurrian, PPren gobernuak sakondu dituen neurri politiko eta ekonomikoak arbuiatzen ditugu, gure herriaren etorkizuna baldintzatu eta arriskuan jartzen duelako eta gure instituzioenganako mespretxua adierazten dutelako.
Aralar eta Bildutik horri guztiari aurre egingo diogu. Ez ditugu murrizketarik nahi, ezezko borobila esaten diogu neurri guzti hauei, inposatuak direlako, guk erabaki ez ditugulako eta bereziki injustuak eta krudelak direlako. Austeritatearen izenean inposatzen ari zaizkigun neurriak jada ondorio sozial larriak ekarri ditu: langabezi tasa jasanezina, babes sozialeko laguntzen murrizketak pobreziari ateak parez pare zabalduz… Oro har langileen eskubideak urratzen ari dira etengabe, gazteak eta emakumeak krisiaren lehen biktimak suertatzen ari dira…
Euskal Herriak bere etorkizun politikoa ez ezik, ekonomikoa ere eraikitzeko behar duen marko politiko burujabearen alde lan egin behar du. Burujabetza ekonomikoa behar dugu, arlo ekonomikoan, laboralean, fiskalean edota sozialean gure erabaki propioak hartu ahal izateko eta egungo eredua errotik aldatzeko. Horretan datza egungo egoeraren aurrean defendatzen dugun alternatiba.
Ondorioz, hemen hego Euskal Herriko instituzio ezberdinetako ordezkariak gaudelarik, deia luzatzen dugu instituzioetatik inposatzen dire neurriei aurre egin eta erantzun egokia emateko.
Murrizketa eta inposaketa guzti hauei erantzuteko eta aurre egiteko harresi sozial indartsu bat eraiki behar dugu. Datorren irailaren 26an beste urrats bat emateko aukera izango dugu Euskal Herriko sindikatu eta eragile sozialetatik egin den greba deialdiarekin bat eginez. Horregatik egun horretan Bildu eta Aralar alderdien hautetsiek grebarekin bat egingo dugu.