Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek gaur esan duenez, Alberto Ruiz Gallardon ministroak joan den ostiralean iragarritako neurriek, zigorrak gogortu eta bizi arteko kartzela ezartzea, besteak beste, “Espainiako sektorerik atzerakoienak asebetetzea besterik ez dute bilatzen, AEBetako Tea Party alderdiak agintean dituzten estatuena dirudien justiziaren erreforma ezarrita”. Neurriek, gaineratu du, “bidegabekeria bikoitza ezarriko dute, Mariano Raxoiren Gobernuak berak eginiko murrizketa eta eskubide urraketa larrien aurkako protesta soziala errepresioaren bidez geldiarazteko helburua dutelako”.
Alternatibatik “kezka handia” adierazi dute Alderdi Popularrak aurreratutako erreformaren inguruan, “Espainiako Erresuman indarrean zegoen espetxe politikak zuen birgizarteratzeko helburua bere horretan desegiten” duelako. Ildo beretik, Matutek azpimarratu du “mendekua eta politika zigortzaileek ez dutela gizartearen osasun demokratikoa indartzen”. Are gehiago, ondorioak “guztiz kontrakoak” direla azaldu du, “pertsonen duintasuna eta eskubideak heriotzaren korridorerako bidean jartzen dituzte, presoenak zein aske bizi direnenak”.
Ezkerreko alderdiko bozeramaileak Gallardon eta PPri leporatu die “arlo guztietan -maila ekonomikoan, politikoan eta sozialean- izan duten porrota lobby ultraeskuindarrei oparia eginda estali nahi” izatea, “dagoeneko ez baitute nahikoa Espainiako Erresuman justiziak duen izaera arbitrarioarekin”. Honen adibide jarri ditu Arnaldo Otegi kartzelan mantentzea edota beren oinarrizko eskubideak urratuta askatasunik gabe zigortuta dituzten ehunka lagunena, “babestu beharko luketen legea bera bortxatuta”. Alabaina, Matutek gaineratu duenez, “mendekua jarri nahi izan dute justiziaren ardatz nagusi gisa, justiziaren izena eta izaera bera urratuta”.