Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek hauteskundeetan bakarrik pentsatzen aritzea leporatu dio gaur EAJko lehendakarigai Iñigo Urkulluri, Eusko Jaurlaritzak Abiadura Handiko Trenaren lanak ordaintzea proposatu ostean: “Kontraesan handia da hurrengo urteetako zor eta finantza-zama handiaz hitz egin eta, aldi berean, AHTak suposatuko duen dirutza ordaintzeko prest dagoela esatea”. Hori dela eta, Matutek Urkulluren inkoherentzia salatu nahi izan du; “kudeaketarako inolako gaitasunik ez duela eta edozer gauza saltzeko prest dagoela erakutsi du lehendakaritza eskuratzeko”.
Alternatibatik azpimarratu dutenez, “Alemaniako bankuetatik agindu eta Madriletik inposatutako murrizketa sozialak geldiaraztea da gure lehentasuna” eta, horregatik, “arduragabekeria izugarria da euskal herritarrek gehiago ordaindu behar izatea aldez aurretik gizartean eztabaidatu ez den eta zalantza handiak dituen makro azpiegitura”, kontuan izanik Gasteiztik haratago joango den bermerik ez dagoela.
Alderdi ezkertiarreko bozeramaile eta EHBilduko hautagaiak Urkulluri galdetu dio ea “AHTa ordaintzea nahiago duen osasungintzan, hezkuntzan eta politika sozialetan murrizketak eginda, kontuan izanik urriaren 21eko bozen ostean agintean izango den Eusko Jaurlaritzak diru gutxiago izango duela”. Horrexegatik eta, azkenik, jeltzaleak “arlo guzti horietan murrizketak egingo dituen” argitu behar duela ziurtatu du, bestela, “herritarrekin gezurretan ariko” litzateke.