Alternatiba Arabako bozeramaile Josu Estarronak alderdiko militanteei, erakundeei eta herritar guztiei dei egin die, “Fracking Ez. Ez hemen ez inon!” lemapean Arabako hiriburuko kaleak zeharkatuko dituen manifestazioarekin bat egin dezatela urriaren 6an, larunbata.
Euskal Herriko fracking-aren kontrako mugimenduak, Kantabria bezalako inguruko lurraldeetako taldeekin batera, manifestazioan parte hartzeko deia egin du larunbatean 18:30etan, Gasteizko Bilbo enparantzatik abiatuta.
Estarronak, fracking-a “amildegitik behera eraman ahal gaituen behin-behineko energia bat besterik ez dela” salatu du. Aldi berean, bere erabileraren arriskuez ere ohartarazi ditu. Gas honen erauzteak ingurumenaren kontrako inpaktu larria dakarrela zehaztu eta “energia eredu alternatiboaren trantsiziotik aldentzen gaituela” ere azpimarratu du: lurraren okupazioa, ura eta airearen kutsadura, istripuak edo nekazal eremuen industrializazioa, besteak beste.
Ingurumenaren aurkako proiektu hau geldiarazteko asmoz, Alternatiba Gasteizko manifestazioan egongo da ordezkaritza zabalarekin; Josu Estarrona bera, Oskar Matute bozeramaile nazionalaz, Luis Maria Salgado batzarkideaz eta David Pina zinegotzi gasteiztarraz lagunduta.