Alternatibaren Gipuzkoako koordinatzaile Xabi Sotok gaur ohartarazi du Bateragune auzia dela eta “auzipetutako lagunak kartzelan mantentzeko inolako logika politiko zein etikorik ez” dagoela. Bihar, larunbata, urriak 13, hiru urte beteko dira atxilotu zituztenetik. Era berean, Arnaldo Otegi, Arkaitz Rodriguez, Rafa Díez, Miren Zabaleta eta Sonia Jacinto preso jarraitzeak “Espainiako gobernu ezberdinek ideiak kriminalizatzeko izan duten joerari eta mendeku politikei” besterik ez diela erantzuten ziurtatu du.
Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak berriz ere salatu ditu “bake prozesua sustatzea beste deliturik egin ez dutenen kontrako zigor bidegabeak, beraz, auzitegiei galdegiten diegu euskal gizartearen aldarria entzun dezatela, eta herri honek bizikidetzarako eta normalizazioaren bidean inondik inora behar ez duen ikuspegia ezarri nahi duen bloke politikoaren parte izan ez daitezela”.
Azkenik, Alternatibatik euskal herritar guztiei dei egin diete bihar eguerdian indarkeria guztien eta mendeku neurrien amaiera eskatzeko egingo diren bi manifestazioetan parte har dezatela, Gernikako Akordioak Donostian 12:00etan egingo duena Enara Rodriguezek poliziaren esku pairatutako erasoa salatzeko kontzentrazioan eta Elgoibarren 13:30etan Otegi, Rodriguez, Diez, Zabaleta eta Jacintoren askatasuna eskatuko duen mobilizazioan.