Alternatibako bozeramaile Amaia Agirresarobek, baikor hartu du Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak gaur emandako epaia, Espainiako Erresumari zigorra ezarri diona, 2003an Euskaldunon Egunkariaren Zuzendari zen Martxelo Otamendiri eginiko torturak ikertu ez izanagatik egunkariaren itxiera ekarri zuen “operazio diktatorialaren” harira. Egunkaria ixteko agindua, halaber, “Espainiako Barne Sailak eman zuela” gaineratu du.
Agirresarobek Madrilek pilatzen dituen milaka salaketak gogorarazi nahi izan ditu eta horrez gain, “giza-eskubideen urraketen eta demokraziaren kalitate falta agerian uzten duten” dozenaka sententziak ere aipatu ditu. Honen adierazgarri “Euskal Herriak garai hartan jasan zuen oinarri legalik gabeko prozesu hau dugu, milaka euskaldunei bere hizkuntzan informazioa jasotzeko eskubidea kendu ziona”. Gainera, bere garaian Aznarren gobernuak “euskaldunen hizkuntza eta kulturaren babeserako neurri” gisa saldu nahi izan zuen.
Ezkerreko alderdiaren bozeramaileak “muntai politiko, judizial eta mediatiko gaitzesgarri” honek Egunkariaren – garaian euskara hutsean zegoen egunkari bakarra- itxiera ekarri zuela adierazi du. Aldi berean, hainbat arduradunen atxiloketa, tortura eta inkomunikazioa ekarri zuela azpimarratu du. Horien artean Otamendi bera zegoen, 2008an bide guztiak agortuta, azkenik Estrasburgora jo zuena.
Agirresaroberentzat, “agerikoa” da Espainiako gobernu desberdinetatik mantentzen duten politika zigortzailea, mendekua oinarri duena, horretarako “justizia nahi bezala erabili eta politizatu egiten” dutela. Horregatik, Madrili exijitu dio Estrasburgoko epaiak eta Nazioarteko Amnistiak eta NBEk berak eginiko salaketak kontua har ditzala, “Euskal Herriarekiko duen politika zigortzailean 180 graduko bira egin dezala beraz”.