Aieteko Konferentziaren ondorioen agiriak, gaur urtebete, aro berri bati eman zion hasiera; eszenatoki berri bati ireki zizkion ateak, eta balio izan du Europako azken gatazkak nazioarteko agendan lekua egin dezan, letra larriz.
Urtebeteko balantzean, bi gai daude nabarmentzeko, EH Bilduren iritziz: batetik, ETAk bere jarduera armatua bukatzeko hartutako erabaki historikoa, horixe baizen derrigorrezko baldintza Espainiako eta Frantziako gobernuekin gatazkaren ondorioei buruzko elkarrizketa prozesuari ekiteko; eta bestetik, urtebete honetan Madrilgo exekutiboak hartu izan duen jarrera. Aieteko Konferentziak erraztutako egoera gelditu, blokeatu eta saboteatzen saiatu da etengabe Espainiako gobernua.
Hamabi hilabete hauek aurrerapausoak egiteko egokiak ziren; bakegintzan, normalizazioan, errekonziliazioan eta biktima guztien aitortzan aurrera egiteko aproposak, baina Espainiako gobernuaren jarrerak eragotzi egin du ezarri ziren helburuak betetzea, Aieten marraztutako pausoei uko eginez. Elkarrizketa politikoaren atalean ere ez da egon aurrerapausorik.
EH Bilduk argi dauka duela urtebete Aieten emandako ebazpen eta gomendioei kasu egin beharra dagoela. Agiriak, gogora dezagun, ETAri eta Frantziako zein Espainiako gobernuari gonbite egiten die gatazkaren ondorioen inguruan elkarrizketa burutu dezaten; biktimen eta eragindako minaren aitortzarantz pausoak ematea gomendatzen du eta azkenik Euskal Herriko eragile politikooi ere dei egiten digu gai politikoei buruzko elkarrizketari ekiteko. Hori guztia, gure herrian konponbideen eszenatokia finkatu ahal izateko bide bezala gomendatu zuen Aieteko Batzordeak, eta hori guztia egiteke dago.
Elkarrizketa eta akordioa dira Aieteko Agiriaren oinarriak. Bi alorretan aktibatu eta portu onera eraman behar den elkarrizketaz ari da agiria: batetik, gatazkaren ondorioak konponbidean jartzeko elkarrizketa, ETA eta bi estatuetako gobernuen artean. Eta bestetik, gatazkaren erroak konponbidean jartzeko elkarrizketa, eragile politiko guztien artean; hots, Euskal Herriak nazio bezala bere etorkizuna erabakitzeko daukan eskubideari buruzko elkarrizketa politikoa.
Ondorioz, uste dugu Espainiako eta Frantziako gobernuek egun daukaten jarrera albo batera utzi eta gatazkaren ondorioei buruzko elkarrizketari ekin behar diotela. Nazioartean asko, gero eta gehiago dira adibideak, Kolonbiako kasua da azkena, baieztatzen dutenak elkarrizketa dela gatazkak behin betiko konpontzeko metodo bermatua.
Era berean uste dugu Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozialentzako lehen mailako eginbeharra dela akordio demokratikora bideratutako elkarrizketari ekitea. Akordio horren oinarrian Euskal Herriaren eta bere erabakitze-eskubidearen aitortza leudeke, eta akordio horrek euskal herritarren onespena jaso beharko luke. Horrela, bada, Euskal Herriko kultura politiko guzti-guztiei eta eragile politiko, sozial eta sindikal guztiei egiten diegu dei elkarrizketari ekin diezaioten, ekin diezaiogun. Gu prest gaude. Akordio demokratikoa da konponbiderako bermea, eta hori Europan bertan ere ikusten ari gara, egunotan Eskozian izan den azken adibidea ere hor dago: elkarrizketa, eta eskubide demokratikoa den erabakitze-eskubidearen inguruko akordioa.
Amaitzeko, jendartearen gehiengo zabalak herri honetan bakea eta normalizazio politikoa nahi du eta exijitzen du; eta helburu hori lortzeko ezinbestekoa da elkarrizketa. Izan ere, soilik elkarrizketa barneratzailetik, bazterketarik gabe eta inolako irabazle eta galtzailerik gabe, ahal izango gara benetako konponbidera iritsi. Eta Aieteko Agiria, konponbiderako tresna da. Baliatu dezagun.