Euskal Herritar askok moduan, EH Bilduk jai arrotz moduan hartu du urriaren 12ko jai eguna. Koalizioak Hispanitatearen eguna aprobetxatu du Eibarren ekitaldi politikoa egiteko. Laura Mintegik bere interbentzioan adierazi du “EH Bilduk Euskal Herriko Errepublika eratzea duela helburu”.
“Gaurkoan, Eibartik adierazi nahi dugu, argi eta garbi, gure helburua Euskal Herriko Errepublika eratzea da. Horregatik, EH Bilduk ez die euro bakar bat ere bideratuko Borboiei. Ez eta gaurkoan bere eguna ospatzen duen Guardia Zibilari, eta noski, xentimo bat bera ere armada espainiarrari. Erokeria kolosala da, kupoaren 813 milioiekin, hau da, guztion diruarekin, gure herriaren eskubideak sistematikoki urratu eta bahitzen dituzten horien soldata eta pribilegioak ordaintzea. Horrela ba, pribilegio eta gastu antzuetan murriztuko dugu, erokeria da eta espainiarraren moduko sistema ustel baten oinarriak mantentzen jarraitzea”, esan du Mintegik.
Oskar Matutek bere kritikak zuzendu ditu EAJ, PSE eta PPk egin duten kudeaketa ereduaren aurka eta esan du, “Euskal Herriko ezker subiranistak inoiz ez bezalako aukerak dituela urriaren 21ean eskumari aurre egiteko. Baina aurre egin ez ezik, merkatuen morroiak garaitzeko aukera ere badugu. Guztion esku dago”.
Matutek Espainiako Ministerioak 8.500.000.000 euroko aurrekontua duela urtero salatu du. Monarkiari ere zuzendu zaio: “monarkia hau trantsizioaren isla da, memoriarik gabe egin den trantsizioa, Erregimenak jarri zuen monarkia eta ahalbidetu duena frankista zirenak demokratatzat hartzea”.