Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek deitoratu du gaur, ETAk bere jarduera eten zuela iragarri zuen egunaren bezperan, “urratsik egin gabe jarraitzen duten sektoreak” daudela, “agerikoa dena ukatzen saiatzen dira: herritarrek bakea nahi eta aldarrikatzen dutela, eta garai politiko berri batean gaudela”. Hala, “iraganeko jarreretan ainguratuta” daudenak salatu ditu, “Espainiako eta Frantziako estatuetako erakundeetan duten boterearen bitartez”.
Matutek, alabaina, bihar beteko den urtemugaren alderdi ona ere nabarmendu nahi izan du, “ETAk jarduera armatua utzi zuenetik urtebete izango da, euskal gizarteari itxaropenaz beteriko garai politiko berria martxan zela jakinarazi ziona, ilusioz eta demokrazian zein normalizazioan eraikitako gizartearen beharrari ateak ireki zitzaizkiola”. Bere etorkizuna “askatasunez eta demokratikoki izan nahi duena erabaki” ahal izango duen gizarteari, gaineratu du.
Azkenik, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak euskal gizarteak behin eta berriz kalera atera duen beste aldarrietako bat ere gogoratu nahi izan du, “inolako indarkeriarik ez egotearena, tamalez, oraindik lortu ez duguna”.