Alternatibako Koordinakunde Nazionala, igandeko bozetako emaitzak aztertzeko eginiko bileran, pozik agertu da Euskal Herria Bildu koalizioak lortutako emaitzengatik. Izan ere, Alternatibak berak beste hiru indar politikoekin osatutako koalizioak Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeetan ezker subiranistak inoiz izan dituen emaitzarik onenak lortu ditu.
Alternatibatik, EHBilduk kanpainan izan dituen oztopoak aztertu ditu, non alderdi handiek eta haien menpeko komunikabideekin koalizioaren proposamenak estaltzen saiatu diren, hauteskundeetan bi poloen arteko konfrontazioa bilatuta; euskal abertzaleen eta abertzale espainiarren artekoa, hain zuzen ere. Hala, subiranotasunaren aldarria eredu alternatiboa eraikitzeko asmoz eta PNVk, PSOEk eta PPk babesten duten murrizketen zein merkatuekiko menpekotasunaren kontra doala isilarazi nahi izan dute.
Oztopo horien gainetik, Alternatibaren Koordinakunde Nazionalak ziurtatu du herritarrek eskumaren aurkako harresia eraikitzeko aukera ikusi dutela Euskal Herria Bilduren eskutik, porlanaren eta erabilerarik gabeko azpiegitura erraldoien lagunengandik babesteko harresia, administrazioak hipotekatzen dituzten azpiegiturak sustatzen dituztenen aurrean; pribatizazioen bidez kalitatezko eta doako zerbitzu publiko oro desagerrarazi nahi dutenengandik babesteko.
Ezkerreko alderdiak, halaber, EHBilduk legegintzaldi honetan izango duen erantzukizunaz ohartarazi du, ezkerreko erreferente bakarra izango delako Legebiltzarrean. Horregatik, hurrengo Eusko Jaurlaritzaren politikak aztertu ez ezik, eragile eta mugimendu sozial, feminista, ekologista, antikapitalista eta gainerakoen aldarrikapenen parte izan eta Legebiltzarrera eraman beharko ditu, Euskal Herria alternatiboa behetik eta ezkerretik eraiki nahi dutenen bidaidea izanik.
Alternatibak, azkenik, eredu politiko, sozial eta ekonomikoaren errotiko eraldaketaren aldeko apustuan sakontzeko erronka izan du hizpide, ahalik eta herritar gehiagori ikustarazteko bestelako politikak ezinbestekoak direla: aberastasunaren banaketa ahalbidetuko duen bestelako zerga politika, gizonen eta emakumeen arteko benetako parekidetasuna ezartzea ikuspegi feministatik, euskararen erabateko normalizazio eraginkorra, elikadura subiranotasunaren aldeko apustua edota demokrazia parte-hartzailearen aldeko politika ezartzea, herritarrak ordezkatu beharrean ahotsa emango diena. Horregatik, Alternatibaren Koordinakunde nazionalak norabide horretan aurrerapausoak ematen jarraitzeko prestutasuna eta gogoa adierazi du, Euskal Herriko historian inoiz izandako ezker subiranista indartsuena gero eta sendoagoa izan dadin