Alternatibako Mahai Ekologistako bozeramaile Asier Vegak, bihar Bilboko kaleak zeharkatuko dituen elikadura burujabetzaren alde “Elikadura, herritarron eskubidea” lemapean Etxalde mugimenduak antolatutako manifestaziora herritar guztiei dei egin die. Guztiontzako “elikadura eredu iraunkor baten alde egingo da, elikadura eskubide bat izan ez ezik, bizirik irauteko beharrezkoa ere delako”.
Alderdi ezkertiar eta ekologistako bozeramaileak gogorarazi duenez, elikatzeko eskubidea 1948ko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean jasotzen da baina, “tamalez, munduan eta Europako Nekazal Politika Bateratuan (NPB) gailentzen den eredu neoliberal kapitalista honen ondorioz, elikadura, merkantzia eta espekulaziorako tresna bilakatu da”. Eta honek, laguntza publikoen kontzentrazioa sustatzeaz aparte, hainbat gizarte segmentuen onura ere ekarri du beste pertsona eta herri askoren gabeziaren eta gosearen lepotik”.
Bestetik, Vegak, Euskal Herriaren kasua azpimarratu nahi izan du: “Hemen kontsumitzen ditugun elikagaien %4a baino ez da gure lurraldean ekoizten eta, horregatik, enpresa banatzaile eta saltzaile erraldoi hauetatik bat-batean urruntzeko beharra dugu”. Era berean, bertako lurren “bereganatze masiboa” salatu eta, aldi berean, arrantza, nekazaritza eta abeltzaintza eredu industrialen kontra egiteko garrantzia adierazi du ere.
Egoera honi aurre egiteko, Alternatibak nekazarien eskubideak kalean aldarrikatzeko dei egin dio gizarte osoari, bihar Bilboko Jesusen Bihotzetik 12:00etan abiatuko den elkarretaratzean parte hartuz mugimendu sozial, GKE, talde ekologista eta sindikalekin batera. Alternatibako ordezkaritza zabala ere izango da martxan, hautatu berriak diren Diana urrea eta Oskar Matute legebiltzarkideak eta Asier Vega bere ere, besteak beste.