Alternatiba Arabako bozeramaile Josu Estarronak salatu egin du gaur milaka langileek egunero pairatzen duten egoera larria, haien enpresetan presionatu egiten baitituzte beren lan baldintza eta soldatetan murrizketak onar ditzaten: “Azken urteotako lan erreforma desberdinak baliatuta, enpresen aldetik benetako xantaia pairatzen ari dira langileak, zigorrekin eta kaleratzeekin mehatxatzen baitituzte lan hitzarmenetan beherapenak onartzen ez badituzte”.
Hainbat enpresabururen jokabide “mafioso” horren adibide Guardian enpresako zuzendaritza jarri du alderdi ezkertiarreko bozeramaileak, Laudioko lantegian langileek hitzarmen duin baten alde hasitako mobilizazioei 120 lagun kaleratzeko mehatxuarekin erantzun baitie. Kasu honetan, “inolako argudiorik gabe kaleratzeak mahai gainean jarri ez ezik, langileak banan banan deitu dituzte lanuzteak laga ditzaten, enpresak greba oztopatzeko bere esku dagoen guztia egiten duen bitartean”.
Halako gertakarien aurrean, Alternatiba Arabatik erakunde guztiei, Arabako Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari bereziki, dei egin diete, enpresaburuak lan erreformak ematen dien boterea gehiegikeriaz erabiltzen ari diren lan gatazketan inplikatu eta neurri eraginkorrak martxan jar ditzaten: “Erakunde publikoek xantaiak amaitzeko lan egin behar dute, bitartekaritza lanaren bidez eta haien esku dagoen guztia eginda Araban eta Euskal Herrian bizi eta lan egiten duten pertsona guztien eskubideak babesteko”.
Era berean, eragile sozialei eta herritarrei dei egin die, “egoera mingarri hauetan daude lagunekin elkartasuna adieraz dezaten eta enpresaburuek langileen aurka eginiko edozein eraso salatzeko helburuz deitutako protestetan parte har dezatela”.