1.-Instituzio guztietarako aurrekontuen inguruko adostasuna planteatzen du dokumentuak. Nolabait instituzio guztiek aurrekontuak izatea duen garrantzia azpimarratzeko, baina puntu honen helburu nagusia Eusko Jaurlaritzako 2013ko aurrekontuak onartzea da eta jada iragartzen dituen irizpideak oso kezkagarriak dira:
-defizit publikoa murriztea du helburu, eta ez gure ekonomia berpiztea.
-Estura (austeritatea) eta gastu arruntaren murrizketa planteatzen du.
-Eta “arrazionaltasun” horren atzean sektore publikoaren murrizketarako eta indargabetzerako bidea irekitzen dela dirudi.
-Funtsean, eta gastu soziala mantentzea helburua dagoela esaten badu ere, EAJk proposatzen duen aurrekontu politikaren ezaugarriak zor publikoa bankuei ordaindu ahal izatea helburu duen “Aurrekontu egonkortasunerako legean” dago oinarritua. Alegia, lehen erreskatearen ondorioz Europako botere finantzarioa nagusiek estatu espainolari agindutako betetzea.
2.-EAJ-k aurrekontu politikaren oinarriak definitzerakoan muzin egiten dio EHBilduk proposatutako planteamendu ezberdinei:
-“Aurrekontuen Egonkortasun legearen” irakurketa propio eta aldebakarrekoa egitea. Gure herriak pairatzen duen krisi ekonomikotik aurrera ateratzeko aurrekontu espansiboak eta antiziklikoak behar dira eta EAJk planteatutako ezaugarriak azken urteetan sakontzea besterik ez dute planteatzen.
-Bestetik krisi egoera larri honetan hurrengo urteko aurrekontuetan estatu espainolari ordaindu beharko diogun kupoaren inguruko aipamenik ere ez dago. Kupo horren atal geroz eta garrantzitsuagoa berriro diogu bankuei zorraren interesak ordaintzeko erabiltzen denean.
-EAJk gure herriak burujabetza ekonomiko eta fiskal handiago baten norabidean lan egiteko konpromisoa azaltzen du, ez nola ordea. EHBilduk atal honetan eginiko proposamen zehatzari ez dio erantzuten nahiz eta egungo markotik abiatuko litzatekeen dinamika den (Finantza Kontseilu Nagusitik eta Kontzertuaren Batzorde Mixtotik, hain zuzen). Harrigarria benetan.
3.-EAJ-k erreforma fiskalerako deialdia egiten du. Pozten gara zinez, eztabaida hau Bilduk eta Gipuzkoako Aldundiak jada duela urte bete luze eskatu eta planteatu zutelako. Pozten gara era berean, progresibitatea eta sarreren nahikotasuna helburu duen erreforma planteatzea. Edonola ere, azken urteetan burutu diren erreforma fiskaletan (adib. 2008) edota lehengo urtean Gipuzkoan proposatutako aldaketetan EAJk beti uko egin dio progresibitateari. Eta iraunkorki izandako jarrerak mesfidati izateko arrazoiak ematen dizkigu, are gehiago aurkeztutako dokumentuan espreski Gipuzkoako Aldundiak aurkeztu berri duen Ondasun Handien gaineko zerga geldiarazteko saiakera oso garbi azaltzen denean. Edonola ere, ongi etorria izan dadila, erreforma fiskala eta progresibitatearen eztabaida, duela soilik aste batzuk Urkulluk gai hau demagogiatzat hartzen bai zuen.
4.-Argigarria da berriz ere zeharka bada ere, uko egiten diola hiru lurraldeen arteko iruzur fiskalaren kontrako plan bateratuei. Egia da, Aldundi bakoitzak bere egitasmoa egin behar duela, berez Gipuzkoakoak egin berri du jada, baina egia da ere hiruren arteko koordinazio eta elkarlana ezinbestekoa dela. Eta ez soilik “sentiberatze kanpainak” egiteko.
5.-Ekonomia biziberritzeko plana eta enpleguari dagokionez zera esan nahi dugu. Oro har, positiboak izan daitezkeen norabide ezberdinak ageri dira. Baina EAJk oso ondo daki “defizit publikoa murriztea helburu duen” aurrekontu batekin ezingo direla hor agertzen diren norabide orokorrak plan zehatzetan bideratu. Are gehiago, adibidez gastatzeko egongo den diru kopuruaren zati garrantzitsuena AHT bezalako inbertsio erraldoiak aurrera ateratzeko gastatzen badira. EAJk ez ditu ekimen zehatzak planteatzen atal honetan, jakin badakielako 2013tik aurrera Eusko Jaurlaritzak ez duela nahikotasun finantzariorik ekonomia biziberritzeko plan eta egitasmo zehatzak aurrera ateratzeko. Edonola ere, gure prestutasuna azaldu nahi dugu enplegua sortzeko helburu duten atal guztietan hitz egiteko.
6.-Azpimarratzekoa dokumentu osoan lehen sektoreak bizi duen krisiaz aipamenik ere ez egitea.
7.-Argigarria da ere enplegua sortzeko atal batez ari bagara ere, lan harremanetarako esparrua eskuratzeko edo praktikan lan erreformak gurean eragina izan ez dezaten hartu beharko liratekeen neurrien inguruan aipamenik ez egitea.
8.-Politika sozialak mantentzeko helburua begi onez ikusten ditugu nahiz eta “kontrola” hitzaren atzean zer dagoen ere imajinatu dezakegun eta guztiz kezkatzen gaituen. Hala ere, atal honetan ere hitz potoloetatik zehaztasunetara dagoen bidea ikusteko EH Bildu prest.
9.-Oro har esan daiteke egungo markoaren gabezien baitan eta egungo politika neoliberalek ezartzen duten margenen baitan (“Egonkortasun legea”) kokatutako planteamendua dela. Oinarria beraz arduratzekoa, hona ekarri gaituzten politika ekonomikoaren lerro nagusiak errepikatzea planteatzen delako. Hala ere, EH Bilduk planteatutako erreforma fiskala, enpleguaren sorrerarako ekimenak edota gastu soziala mantentzeko asmoa agertzen den neurrian hitz egiten jarraitzeko borondatea azaldu nahi du. Hori bai, edo sakoneko aldaketak egiteko prestutasuna dago edo sakona, oso sakona den krisi honetatik ateratzea ezinezkoa izango da.