Bihar, Azaroaren 14an egingo den Nazioarteko Greba Orokorrera deitu du Alternatibak gizarte osoa, Europan eta Euskal Herrian herrialde ezberdinetako hainbat sindikatuk deitutakoa. Klase agintariaren kontra etengabeko mugimendu inkonformista eta borroka iraunkorra beharrezkoak direla uste dugu. Klase agintari honek, Europako banku handietako bulegoetatik euren politikak diseinatu eta ezarri egiten dituzte, agintari zuri eta koldar batzuen laguntzaz, beti ere, boteretsuen pribilegioak defendatuz pertsonen eskubideen gainetik.
Aurreko langile zein gizarte borroketara gehitu ginen bezala, oraingoan ere Alternatiba kalean izango da herriaren kontrako etengabeko erasoak salatzen, hain zuzen, lan erreformetan eta gizarte eskubideen murrizketetan azaldu zaizkigun erasoak salatzen. Ikuspuntu internazionalista batetik ere egin nahi dugu, ezinezko eskakizunak sufritzen dituzten herrialde batzuekiko elkartasuna erakusteko. Honen adibide Grezia dugu, murrizketak baino, Troikaren eraso antisozialak pairatzen dituenak. Baina Portugalekin batera ere gaude, mobilizazioen eta greben bitartez agintariak atzera egitera behartzera posible dela erakutsi baitigutelako.
Kalera aterako gara horma sendo bat eraikitzeko beharra dugula esatera; sistema menderatzaile guztien erasoei aurre egingo dien eta emakumeak makurtarazi eta euren eskubideak urratzen dizkieten patriarkatuari aurre egingo dien horma eraikitzera goaz. Kapitalismo krudel honi ere aurre egingo diogu, denboran irauteko bere burua irensteaz aparte, langileen duintasunaren lepotik egiten duelako; aurre egingo diogu ere ingurumenarekin akabatzen ari den garapen jasanezinari, gizarteak behar ez dituen makro azpiegiturak eraikitzen dituen sistema delako. Kolonialismoaren kontrako harresiak ere eraikitzera goaz, desagertzearen ordez, oraindik ere herritar eta herrialde ugari agortzen dituztelako euren subiranotasun eskakizunei kasurik egin gabe.
Harresi hau eraikitzeko Euskal Herriko gehiengo sindikalaren garrantzia aitortzen dugu eta, horregatik, errespetutik baina erakunde bakoitzaren autonomiatik ere, kontinente osoan zehar hainbat herrialdeen ahotsak bateratuko dituen ezohiko greba honetara batuko gara. Alternatibatik, alabaina, berretsi egin nahi dugu kontzertazioan oinarritutako sindikalgintza baino, eredu sindikal konfrontatiboa eta aldarrikatzailea babesten jarraituko dugula, baita Euskal Herriko baliabideak berton erabakitzeko burujabetza zein euskal lan esparruaren defentsan gaudela, gure langileen eskubideak defendatzeko modurik eraginkorrena delako.
Jakinarazi ere, Euskal Herrian arrazoiak soberan ditugula kaleak bete eta grebara ateratzeko. Errudun asko ditugu oraindik seinalatzeko, adibidez, lehendakaritzarako bidean den EAJ eta alde egitera doan PSOE; lehenengoak, bere abstentzioaz eta bigarrenak bere bultzadaz, biek aurrekontuen egonkortasunaren legea onetsi zutelako, instituzioak eskuak lotuta utzi dituen legea, hain zuzen, zorpetuta egotea ere debekatzen diena instituzioei, bere helburua politika sozialak krisi ekonomikotik babestea izanda ere. Alderdi Popularra ere aipatu behar, Zapateroren lekukoa hartu eta pentsioak jaitsiko dituelako Europako bankuak kontentatzeko. Abortuaren legea ere aldatuko dute, emakumeek beren gorputzen gaineko erabakiak, modu libre eta doakoan, har ditzaten are gehiago oztopatzeko.
Inoiz baino garrantzitsuagoa dugu, gainera, borroka egin eta gure ahotsa entzunaraztea, oinarrizko eskubideak aldarrikatuz gobernuak gogaitzen ditugunerako lege formako mehatxuak egiten ari diren honetan. Alternatibarentzat, alabaina, ezinezkoa da isilik egotea herria ordezkatu beharrean zapaldu nahi dutenen aurrean; terrorismo finantzieroak Ezkerraldean pertsona bat hiltzea eta gaur Durangaldean lan istripuetan aurten hildako hamaikagarren behargina egotea ahalbidetu dutenen aurrean; eta baita egun berean mozkinak eta kaleratzeak iragartzeko kopeta dutenei.
Bizitza duinaren alde, kapitalismoa lurpera dezagun. Euskal Herrian eta Europan, Azaroak 14, Greba Orokorra!
Euskal Herrian, 2012ko Azaroaren 13an