25N Koordinatzailea osatzen duten erakundeek (Bilgune Feminista, Bizkaiko Emakumeen Asamblada, Feministalde, Mugarik Gabe, Mundubat, Euskadiko GGKEen Koordinakundea, CCOO, ELA, ESK, LAB, STEE-EILAS, Alternatiba eta Ezker Batua) eta Tribuna Feministak Azaroaren 25ean Bilbon 12:30tan Arriagatik abiatuko den manifestaziora deitu dute, “Ez obeditu, ez zerbitzatu, ez isildu” lemapean.
Azaroaren 25ean, Emakumeonganako Indarkeria Sexistaren Aurkako Nazioarteko Eguna, bizi dugun “atzerakada” egoera hau salatu nahi dugu.
Bortizkeria fisiko, sexual, instituzional, psikologiko, politiko, ekonomiko, kultural eta sinbolikoak egituratzen du oraindik gure jendartea, eta hau da gure gorputzak eta bizitza kontrolpean izateko sistema kapitalista heteropatriakalak erabiltzen duen tresna. Hori gutxi balitz, oraingo krisi sistemikoen eta neurri ultrakontserbadoreen garaiotan, gure eskubideak geroz eta gehiago murriztu eta gure autonomia lermatzen ari direla ikusten dugu. Eurek, politikari, apezpiku zein epaile kontserbadoreek emakumeak etxean gordeta nahi gaituzte eta horren aurrean obeditzeko, zerbitzatzeko eta isiltzeko prest ez gaudela ozenki esan nahi diegu.
Eraso gehiagorik onartuko ez ditugula esateko kaleak hartzera goaz. Oraindik ere, tamalez, indarrean dauden eslogan eta pankarta zaharrak atera behar izan ditugu armairutik, kendu nahi dizkiguten eskubideei eutsi nahian. Aurrerantzean ere hainbeste kosta izan diren eskubideak gauzatzen jarraituko dugu; ez ditugu baztertuko, ezta inork hankapean hartzerik onartuko ere. Emakumeak isilarazi nahi dutenen aurrean, mobilizaziora deitzen dugu! Emakumeok indarkeriarik gabeko bizi-eredua aldarrikatzen dugu, kolorez, askatasunaz, irreberentziaz eta alaitasunaz josita dagoen bizi-eredua.
https://fbcdn-sphotos-h-a.akamaihd.net/hphotos-ak-prn1/28869_287382351373362_73544080_n.jpg