EH Bilduk Arantza Quiroga buru zuen Mahaiak 100 tablet elektroniko erosteko abian jarri zuen lehiaketa publikoa bertan behera utz dezala eskatu dio Legebiltzarreko Mahaiari, eta halaxe defendatuko du bertan Juanjo Agirrezabalak lehen presidenteorde bezala. Mahaiak tabletak erostea erabaki zuen legebiltzarkide guztien eskura jartzeko, Legebiltzarraren bulego mugikorreko sisteman integratzeko.
EH Bilduk operazio horren kostu osoa ia 200.000 eurokoa izan daitekeela ohartarazi du, baina, bere ustez, “ez dago benetako behar objektiborik diru publikoa horretan gastatzea justifikatzeko”. “Diru publikoa arduraz eta zuhurtziaz kudeatzeko obligazioa dugu talde guztiok”, azpimarratu du koalizioak eta horren ildotik, beraz, EH Bilduko legebiltzarkideek tabletak hartzeari uko egingo diote, Mahaiak erosketa hori bertan behera uzteko eskaria aintzat hartzen ez badu.
Diputazio Iraunkorreko Mahaiak 100 tablet hornitzeko kontratuaren esleipena lizitatzea erabaki zuen hil honen 5ean, Legebiltzarraren bulego mugikorreko sisteman integratzeko, eta 114.950 euroko gehieneko aurrekontua ezarri zuen horretarako. Prezioa, hala ere, 80.000 euro inguru garestiago izan liteke tablet horietan sinadura elektronikoa erabiltzea eta Legebiltzarreko barne sarearekin konektatzea ahalbidetzeko.
EH Bilduren iritziz, ordea, “ez dago ez beharrik ez justifikaziorik erosketa hori egiteko, tablet horiek emango luketen zerbitzua ordenagailu portatilek jada betetzen dutelako, legealdi hasieran legebiltzarkideei ematen zaizkienek, alegia”. Hori dela eta, “ez du inolako zentzurik hain funtzio antzekoak dituzten bi tresna informatiko ematea, eta are gutxiago behar-beharrezkoa izan gabe ere gastuak bikoiztea”.
Legebiltzar-talde honek salatu duenez, “Mahaiaren erabakia diru publikoa xahutzea da, eta horrek inoiz ez du justifikaziorik, baina are gutxiago egungo egoera ekonomikoan”. EH Bilduk erakunde publiko guztiei exijitzen die funts publikoak “arduraz eta zorrotz” kudea ditzatela; izan ere, “horrela ez jokatzea, Mahaiak auzi honetan egin duen moduan, herritarrekiko errespetu falta larria da, beraiek baitira, zergak ordainduz, administrazioen jarduera ekonomikoki ahalbidetzen duenak”.
EH Bilduk tabletak erosteko lizitazioa bertan behera uzteko formalki eskatzea erabaki du, Mahaiak operazio horren inguruko informazioa emateari uko egin ondoren. Mahaiaren ebazpena, Legebiltzarreko Aldizkari Ofizialean hilaren 9an argitaratuta, ezagutu eta gero, Dani Maeztu eta Juanjo Agirrezabala Diputazio Iraunkorreko kideek galdera sorta bat helarazi zioten hilaren 12an une hartan Quiroga buru zuen organoari, tabletak erostea justifikatuko luketen arrazoiak eta beharrak argi zitzan.
Mahaia, hala eta guztiz ere, erantzuteari uko egin zion hortik bi egunetara eginiko bileran. Erregelamenduaz egin zuen irakurketaren arabera, legebiltzarkideek ez dute Mahaiari kontuak eskatzeko ahalmenik. EH Bilduren irudiko, “erantzun horrekin Mahaiak legebiltzar-taldeei sekulako mespretxua egin zien, eta agerian utzi zuen, beste behin, Arantza Quiroga presidente izan duen Mahaiaren ezaugarri nagusietariko bat, iluntasuna, hain zuzen ere”. Aipatutako tesi horri aurre eginez, dio EH Bilduk, “Mahaia ezin daiteke ahalguztiduna izan, ezin daiteke kontroletik kanpo egon; aitzitik, legebiltzar-taldeen kontrolpean, ikuskaritzapean, egon behar du”.