Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek positibotzat jo du ETAk atzo zabaldu eta Gara egunkariak gaur argitaratutako komunikatuaren edukia. Matutek azpimarratu du erakundeak gatazkaren ondorioen inguruan hitz egiteko agenda ezartzeko borondatea agertu izana, zehazki desarmearen, presoen eta desmilitarizazioaren inguruan, azken honetarako bideak eta epeak aztertuz, “Aieteko Nazioarteko Adierazpenak duela urtebete baino gehiago eskatutakoaren ildotik beraz”.
Alternatibatik nabarmendu dute, halaber, ETAk “indarkeria behin betiko uzteko erabakiaren bidetik jarraitzeko asmoa berretsi” duela. Horrez gain, “eragile guztiek gatazka konpontzeko eta Euskal Herriko normalizazio politikoaren bidean doazen urratsak egin behar dituztela” errepikatu dute, “beti ere protagonismoa herritarrengan utzita”.
Matutek, bestalde, kezka azaldu du “arriskutsua” delako “Alderdi Popularrak eta Alderdi Sozialistak, eta Frantziako zein Espainiako Erresumako Gobernuek inolako urratsik ez egitea prozesuaren alde”. Hala, “adierazgarria” deritzo aste honetan bertan Entzutegi Nazionalak Estrasburgoko Epaitegiaren ebazpenei entzungor egin izanari Parot doktrinaren harira.
Alderdi ezkertiarreko bozeramailearentzat, “lotsagarria da Espainiako Erresumaren jarrera, Euskal Herria eta Katalunia bezalako herrien burujabetza aldarrikapenak Europatik at kokatzearekin mehatxatzen dituen bitartean, Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren erabakiaz paso egiten du”. Horrexegatik, Matutek berriz eskatu dio Espainiako gobernuari “bakearen aldeko urratsak egin ditzala eta Entzutegi Nazionala bezalako salbuespen auzitegia desagertzeko data jar dezala, demokratikotzat dugun sistema batean lekuz kanpo baitago”.